Itxi

Euskara

Lankidetza

1.930.000 euro, 2018an euskara Ipar Euskal Herrian sustatzeko

eitb.eus

Eusko Jaurlaritzak eta Euskararen Erakunde Publikoak diru hori, iazko kopuru bera, bideratuko dute 2018an euskalgintzako eragile pribatuen lana laguntzera. Jaurlaritzak 400.000 euro jarriko ditu.

  • Beñat Arrabit eta Bingen Zupiria izan dira akordioa sinatzeko arduradunak. Argazkia: Irekia.

    Beñat Arrabit eta Bingen Zupiria izan dira akordioa sinatzeko arduradunak. Argazkia: Irekia.

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak eta Beñat Arrabit EEP Iparraldeko Euskararen Erakunde Publikoko presidenteak euskara elkarlanean sustatzeko konpromisoa berretsi dute gaur Baionan.

2017-2022 epealdirako hitzarmen markoaren baitan, gaurko ekitaldian 2018rako lankidetzaren lan ildoak eta erakunde bien diru ekarpena zehaztu dituzte: 1.930.000 euro, iazko kopuru bera, bideratuko dituzte Ipar Euskal Herriko euskalgintzako eragile pribatuen lana diruz laguntzera; Euskararen Erakunde Publikoak 1.530.000 euro jarriko ditu, eta Eusko Jaurlaritzak 400.000 euro.

Zupiria sailburuak gaurko ekitaldian gogora ekarri duenez, “euskarazko irakaskuntzan ari diren erakundeen lana, helduen euskalduntzean ari direnena, aisialdia euskaraz sustatzen duten eragileena edota euskarazko hedabideena” bultzatu zen iaz diru horren bidez.

Zupiriaren hitzetan, “elkarrekiko errespetutik, beti egongo gara prest euskara sustatzeko bidean beste lurraldeekin lan egiteko”; Arrabitek, bestalde, adierazi du Ipar Euskal Herriarentzat Eusko Jaurlaritzak hizkuntza politika mailan daukan “jakitatea eta esperientzia” funtsezkoak direla Iparraldeko hizkuntza politikako arlo batzuk garatzen laguntzeko.

2017-2022 epealdirako hitzarmen marko orokorraren eranskina da gaur sinatutakoa, eta lau lan ildo zehazten ditu 2018rako: hizkuntza gaitasunaren egiaztagiria mugaren bi aldeetan baliokidetzeko lana definitu eta antolatu; Euskararen Adierazle Sistemaren proiektua sustatu; informazioa trukatu; eta VI. Inkesta Soziolinguistikoaren behin betiko txostenak egin eta hedapenerako euskarri osatuak lau hizkuntzetan argitaratu.