Itxi

Literatura

'Nevadako egunak'

Euskadi Literatura Saria, Bernardo Atxagarentzat

Natxo Velez | eitb.eus

"Nevadako egunak" lanagatik jasoko du asteasuarrak euskarazko literaturari dagokion saria. Euskarazko literatura itzulpen onena Iñigo Roquek egin du, "Gauzen ordena naturala" lanean.

0:00

Euskadi Literatura Sarien irabazleen berri eman dute gaur. Bernardo Atxaga (“Nevadako egunak”), Iñigo Roque (“Gauzen ordena naturala”, Antonio Lobo Antunes) eta Idoia Estornes nabarmendu dituzte aurten.

Ur Apalategi epaimahaiburuaren (2011ko Euskadi Sariaren irabazlea) eta Pello Otxoteko, Jon Kortazar, Arantxa Urretabizkaia eta Lourdes Otaegi epaimahaikideen ustez, “Nevadako egunak” Bernardo Atxagaren lana izan da euskaraz iaz idatziriko literatura lan onena, eta harentzat izango da 18.000 euroko saria.

Nevada AEBko estatuan 2007-2008 artean igarotako egonaldi baten kronika du abiapuntu “Nevadako egunak” lanak, baina narratiba autobiografikoaren baitan bukatzen da. “Testuinguru arrotzaren estimuluen haritik, narrazioan zehar iragana eta oraina, ozeanoaz alde batekoa eta bestekoa, errealitatea eta fikzioa, eta are ametsen mundua, txirikordatuz joango dira, azken orduetako tentsio uneetara heldu arte”, epaimahaikideen hitzetan.

“Hitzaren magia dario” Bernardo Atxagaren prosari bertan, epaimahaiaren ustez, eta “narrazioan naturaltasun osoz elkartzen dira ildo eta jatorri oso ezberdinetako kontaerak, Obabakoak narrazio bilduman egina zuen gisan”.

Apirilean, Espainiako Kritikaren Sari Nazionala ere irabazi zuen Atxagak AEBko egonaldian idatziriko lanagatik.

Bernardo Atxaga (Jose Irazu, benetako izenez), Asteasun jaio zen 1951n. Ekonomia ikasketak egin zituen Bilbon, eta Filosofiakoak Bartzelonan, eta euskarazko idazlerik ezagunenetakoa da. “Ziutateaz” (Lur, 1976); “Etiopia” (Pott liburutegia, 1978); “Henry Bengoa, Inventarium” (Emak bakia baita / Elkar, 1986); “Obabakoak” (Erein, 1989); “Behi euskaldun baten memoriak” (Pamiela, 1991); “Gizona bere bakardadean” (Pamiela, 1993); “Zeru horiek” (Erein, 1995); eta “Soinujolearen semea” (Pamiela, 2003) liburuak idatzi ditu, besteak beste, ibilbide jorian.

Iñigo Roquerena, euskarazko itzulpen onena

Euskarazko Literatura Itzulpenaren Euskadi Saria Iñigo Roqueri eman dio, “Gauzen ordena naturala” Antonio Lobo Antunes portugaldar idazlearen lanaren itzulpenagatik, Isabel Etxeberriaren zuzendaritzapean Bakartxo Arrizabalagak, Karlos del Olmok, Elizabete Manterolak eta Aingeru Epaltzak osatutako epaimahaiak.

18.000 euroko saria berari emateko arrazoi nagusia “jatorrizko testu bihurria, haren zailtasun formalak, itzultzaileak ederto gainditu izana” izan da:  “Egilearen prosa bihurria euskarara nola ekarri duen merezimendu handiko lana da, oso modu pertsonalean egindakoa baita, hartu behar diren arrisku eta libertateak erabiliz”, epaimahaikideen hitzetan.

“Gauzen ordena naturala” liburuan, gertalekuak hara-hona dabiltza, denbora aldaketekin bateratsu. Portugal osoa korritzen dute narrazioek, Galiziako mugan (Monçao) hasi eta hegoaldean (Tavira) bukatu arte, Afrika hego-ipar zeharkaturik (Johannesburg, Mozambike eta Aljeria). Hala ere, gertakari gehienak Lisboa inguruan kokatzen dira, batez ere pertsonaien umezaroko Benfica auzoan.

Idoia Estornes nagusi, gaztelaniazko atalean

Gaztelaniazko literaturaren esparruan, Idoia Estornes Txilen jaiotako euskal idazleak irabazi du 2014ko Euskadi Literatura Saria, “Cómo pudo pasarnos esto” liburuagatik.

Atxagarenak bezala, autobiografia oihartzun argiak ditu lanak, “bizitza kontatua da”, epaimahaiak esan duen bezala: “Ez da datu, data eta gertaeren zerrendatze hutsa, hori baino zerbait gehiago baizik. Narratzailearentzat eta bere herriarentzat funtsezko garai baten kronika. Editore, historialari, kazetari eta '60ko hamarkadako emakumea' izanik, Idoia Estornesek azken mende erdiko euskal kulturaren kronika orokorra idatzi du”.