Itxi

Literatura

Saria

Ramon Saizarbitoriak jasoko du Gipuzkoako Urrezko Domina

N.V. | eitb.eus

Idazle donostiarrak abenduaren 15ean jasoko du Gipuzkoako Foru Aldundiaren saria, erakunde horrek iragarri duenez.

1:27

Gipuzkoako Foru Aldundiak Ramon Saizarbitoria donostiar idazleari emango dio, "gipuzkoar guztien izenean", lurraldearen Urrezko Domina, erakunde horrek ematen duen errekonozimendu gorena.

Imanol Lasa foru bozeramaileak azaldu duenez, batik bat bi alorretan eginiko lana eskertu nahi diote, sariaren bidez, Saizarbitoriari: "euskara batua hizkuntza eredu estandar gisa finkatzeko eginiko ahalegina batetik, eta euskal literatura modernoari egindako ekarpena bestetik".

Saria abenduaren 15ean emango diote, Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitzan.

Saizarbitoria izendapena erabat sinetsi gabe dago oraindik, "Faktoria" Euskadi Irratiko saioan esan duenez. "Ustekabe handia" izan dela adierazi du, eta bera belaunaldi baten ordezkari sentitzen dela argitu ere bai. "Ibon Sarasola, Arantxa Urretabizkaia, Lertxundi... Ni talde horren ordezkari sentitzen naiz, eta uste dut taldeari eman zaiola saria".

Aurreko urteetan, Gipuzkoako Urrezko Domina Juan Antonio Urbeltz ikertzaileari (2015), Benito Lertxundi musikariari (2014) eta Nestor Basterretxea artistari (2013) eman diete.