Itxi

Literatura

Saioa

Iban Zaldua, euskal literaturari ironiaz begira

Agentziak | Erredakzioa

Idazleak “(Euskal) literaturaren alde (eta kontra)” liburua aurkeztu du gaur, literaturari buruzko hausnarketak plazaratzen dituzten 36 artikulu biltzen dituen lana.

Iban Zaldua idazle eta kritikariak azken hamarkadan literaturari buruz 36 artikulutan eginiko hausnarketak kaleratu ditu, “(Euskal) literaturaren alde (eta kontra)” liburuan. Ironia izpi batek argitzen ditu laneko pentsamenduak, gaurko aurkezpenean esan dutenez.

Zalduak (Donostia, 1966) "Obabatiko tranbia. Zenbait gogoeta euskal literaturaz. 1989-2001" eta "Animalia disekatuak (Libeloak, panfletoak eta beste zenbait taxidermia-lan)" lanen jarraipentzat deskribatu du bere lan berria.

“Irakurle batek idatzitako liburua da (Euskal) literaturaren alde (eta kontra), letren egungo panoramaren aurrean jarrera dibertigarria hartzen duen irakurle baten lana”, esan du Zalduak. Halaber, testu asko Volgako Batelariak blogean 2005 eta 2015. urteen artean  publikatu zituela ekarri du gogora.

Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle ere bada Zaldua, eta narrazioan ere jardun da oparo: “Ipuin euskaldunak”, “Gezurrak, gezurrak, gezurrak”, “Traizioak”, “Itzalak”, “Etorkizuna” (Euskal Literatura sariaren irabazlea), “Biodiskografiak”, “Idazten ari dela idazten duen idazlea” eta “Inon ez, inoiz ez”.