Itxi

Literatura

Irailak 6

Paul Austerrek '4 3 2 1' eleberria aurkeztuko du irailean, Bilbon

Agentziak | Erredakzioa

Irailaren 6an izango da Auster Azkuna Zentroan, publikoarentzat irekita egongo den solasaldi batean. Sarrerak salgai daude dagoeneko.

Paul Auster idazle estatubatuarrak "4 3 2 1" eleberri berria aurkeztuko du Bilbon, Azkuna Zentroan, irailaren 6an. Ekitaldia auditoriumean izango da, 19:30etik aurrera, eta sarrerak eskuragarri daude jada zentroaren webgunean, hiru euroan (bi, AZ txartela dutenentzat).

Ameriketako Estatu Batuetako gaur egungo idazlerik handienetakoa da Auster (New Jersey, 1947), eta oso lan ezagunak egin ditu, tartean New Yorkeko Trilogia.

Austerrek filosofiatik eta existentzialismotik hurbil dauden gaiak nahasten ditu, maiz errealismo magikora hurbiltzen diren bilbeekin. "In the Country of Last Things", "Moon Palace" eta "Leviathan" lanak sortu ditu, adibidez, eta euskaraz ere irakur daitezke haren zenbait lan, hala nola "Neguko egunerokoa", "Gizona ilunpean", "Kristalezko hiria"…

"4 3 2 1"

"4 3 2 1" lanaren protagonista Ferguson da, eta haren jaioteguna eta jaiolekua (1947ko maiatzaren 3a, Newark, New Jersey) dira berataz dakigun gauza bakarra. Istorioak maitasuna, laguntasuna, familia, artea, politika eta heriotza uztartzen ditu, protagonistak bizi izandako ibilbide desberdinak azaleratuz, baita XX. mendeko erdialdean AEBetan bizi izandako zenbait ekimen garrantzitsu ere.

"Nire bizitza eta ibilbide osoaren ondorio da liburua", adierazi zuen idazleak Wim Wenders zinemagilearekin izandako elkarrizketa batean. Hedabideek ("Harper's Magazine"), ordea, "Austerren idazkirik onena" dela esan dute.