Itxi

Literatura

Eleberri berria

Paul Auster, Bilbon: 'Inoiz ez dut patuan sinetsi'

Agentziak | Erredakzioa

Estatubatuar idazleak '4 3 2 1' eleberria aurkeztu du Bilbon, Bizkaiko hiriburura egin duen lehen bisitan.

  • "4 3 2 1" eleberria aurkeztu du Paul Austerrek. Argazkia: Efe.

    "4 3 2 1" eleberria aurkeztu du Paul Austerrek. Argazkia: Efe.

Paul Auster estatubatuar idazleak Bilbon, "4 3 2 1" bere eleberri berriaren aurkezpenean, esan duenez, "ezin da inoren bizitza epaitu bukatzen den arte, gauzak azken segundoan erabat alda daitezkeelako".

Paul Austerrek (Newark, New Jersey, 1947) bere azken ekoizpena aurkezteko prentsaurrekoan egin ditu adierazpenok. Eleberri horretan, Archie Ferguson protagonistarentzako lau bizitza ezberdin aurkezten ditu, duela 50 urteko estatubatuar gizarteari begiratzen dion bitartean.

Idazleak esan duenez, ez du patuan sinesten: "Inoiz ez dut horrelakoetan sinetsi, pentsamendu mistiko samarra da".

"Urakan handi bat Karibera iristear dela irakurri berri dut. Jendea hil egingo da. Inork ez du horrelakorik nahi, baina sufrimendua egongo da. Patua ote? Ez. Zorte txarra da urakanaren bidean egotea. Eta hori bizitzako beste hainbat gauzarekin gertatzen da", adierazi du Austerrek.

Ikuspegi horretatik, idazleak esan du "4 3 2 1" patuaren aurkako eleberri bat dela nolabait, eta, berorretan, azaldu nahi izan duela pertsonen bizitza desberdina izan daitekeela "inguruko aitzin-gibelak desberdinak badira, pitin bat bada ere".

"Bizitza bakarrean itxita bizi gara, baina susmoa dugu paraleloan bizi genitzakeen beste bizitza batzuk daudela. Zure aita aberatsa izan bazen, beste hiri batean bizi izan bazina, hanka hura apurtu izan ez bazenuen… Aldagai asko daude. Horri buruzkoa da liburua, balizkoez", azaldu du.

PAUL AUSTER BILBAO

Paul Auster, Bilbon. Argazkia: Efe.

Iparramerikar literatura garaikidearen ardatzetako bat da Auster, eta esan du ez dakiela zer egingo duen eleberri hau idatzi eta gero.

"Ez daukat planik etorkizunerako. Idazle batzuek sei liburu izaten dituzte buruan. Nik ez", adierazi du.

Aurkeztu duen eleberria idazteko hiru urte erabili dituela esan du: "Azkar ibili naizela uste dut. Mila orri dira, eskuz idatzita. Azkarrago egin izan banu, buruak eztanda egingo zidan".

Austerren esanetan, "eskuz idazten dut paragrafoz paragrafo. Paragrafo bat bukatutakoan, idazmakinaz pasatzen dut. Karpeta batean sartzen dut, eta hurrengo paragrafora pasatzen naiz, koadernoan".

Idazteko orduan lehen esaldi on bat behar duela azaldu du estatubatuarrak. "Horrek ematen dit behar dudan tonua eta erritmoa".

Bilbora egindako lehen bisitan, Paul Austerrek Guggenheim museoa bisitatu du, "toki zoragarria".