Itxi

Literatura

Heriotza

Usurbilen eman diote azken agurra Joxan Artze poetari

eitb.eus

19:00etan egin da hileta elizkizuna Usurbilgo parrokian. Atzo zendu zen poeta eta musikaria, 78 urte zituela. Ez Dok Amairu taldearen sortzaileetako bat izan zen.

1:34

Joxan Artze euskal poeta zendu da, 78 urte zituela. Euskal literaturan ezinbesteko tokia du, forman berriztapen handia ekarri baitzuten haren poemek, liburua artelan bihurtuta. Musikari gisa ere jardun zen, eta txalapartaren erabilera berriztatu zuen Jesus Mari anaiarekin batera. Usurbilgo parrokian eman diote gaur azken agurra, 19:00etan egin den hileta elizkizunean. Kultura arloko izen ezagunak etorri dira 60ko hamarkadan, euskal kulturaren sustatzaileetako bat izan zena agurtzera. Senitartekoek, lagunek eta ezagunek Artzeren irudia eta hark utzitako ondarea goraipatu dituzte.

1966an, Ez Dok Amairu taldea sortu zuen, Mikel Laboa, Xabier Lete, Benito Lertxundi eta Lourdes Iriondorekin, besteak beste, eta "Baga, Biga, Higa" eta "Ikimilikiliklik" ikuskizun berritzaileak sortu zituen. Hain zuzen, Laboaren kantu ezagun zenbaiten hitzen egilea izan zen Artze, hala nola "Txoria txori" eta "Gure bazterrak".

Hamar liburu kaleratu zituen Artzek ("Laino guztien azpitik" eta "Eta sasi guztien gainetik" eta "Bizitzaren atea dukegu heriotza" eta "Heriotzaren ataria dugu bizitza" lan bikoitzak, esaterako, 1973an eta 2013an), eta Susa argitaletxeak haren antologia bat prestatu zuen "XX. mendeko poesia kaierak" bilduman.

San Telmo museoak haren lanaren inguruko erakusketa erakutsi zuen 2015eko azarotik 2016ko otsailera.



Beñat Sarasolak, bestalde, "Isturitzetik Tolosan barru" Artzeren lehen liburuaren eta, oro har, Artzeren estiloaren inguruko zertzelada batzuk eman zituen "Sautrela" saioan, 2013an.

 

 

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuak heriotza deitoratu du, eta Andres Urrutia euskaltzainburuak mezu hau helarazi du: "Joan zaigu olerkari fina, musikari leberra eta kulturgile paregabea! Euskal kulturak asko zor dio letraz eta espirituz. Goian bego".

 

bego".