Itxi

Literatura

83 urte zituen

Carlos Fuentes idazlea hil da

Erredakzioa

'Terra Nostra', 'Gringo viejo' eta 'La Muerte de Artemio Cruz' lanak idatzi zituen, eta hainbat sari eskuratu ere, tartean Cervantes saria (1987) eta Asturiasko Printzearen saria (1994).

  • Carlos Fuentes idazlea hil da

    Carlos Fuentes. EFE

Carlos Fuentes idazle mexikarra hil da, astearte honetan, Mexiko Hirian. 83 urte zituen, eta ezustean eraman behar izan dute ospitalera, ''hemorragia masiboa'' bat jasan ondoren, familia eta argitaletxeko iturriek jakitera eman dutenez.

Alfaguara argitaletxeko iturriek azaldu dutenez, idazlearen osasun egoera ona zen, eta berriki kaleratzekoa zen lan berria dela-eta hainbat elkarrizketa egiteko asmoa zuen datozen egunetan.

Carlos Fuentes 1928an jaio zen, Panama Hirian, eta 12 urterekin On Kixote Mantxakoa liburua irakurri zuen.

Literatura katedraduna zen AEBetako Princeton unibertsitatean, eta Columbia, Harvard eta Pennsylvania unibertsitateetan ere gaztelera eta literatura klaseak eman zituen.

Terra Nostra lanarekin egin zen ezagun, gizarte modernoaren baitan norbanakoaren askatasunaren aldeko testua. Latinoamerikako literatura berria eta Mexikoko gizartea eta historia nazioarte mailan ulertarazten lagundu zuen bere lanekin Fuentesek. Bere hiria, bere herria eta bertako herritarrak aztertzeko nahia islatzen du haren narratibak, eta munduari modu kritikoan begiratzeko "collageak", erreferentziak, analogiak eta zitak ugari zituen idazleak bere testuetan.

Haren lanik ezagunen artean daude La muerte de Artemio Cruz (1962) eta Gringo viejo (1985) eleberriak, baina saiakera eta antzerkia ere jorratu zituen.

Hainbat sari eskuratu zituen, tartean Cervantes saria (1987), Letren Asturiasko Printzearen saria (1994) eta Madrilgo Idazleen Urrezko Domina (1998).

Zinema munduarekin harreman estua izan zuen Fuentesek. Buñuelen lagun mina izan zen, eta pantaila handirako hainbat gidoi ere egin zituen: Las dos Elenas (1964), Un alma pura (1965), El gallo de oro (1964), Pedro Páramo (1966)...

Paul Leduc zinemagileak La cabeza de la hidra (1981) bere lana zinemarako moldatu zuen, eta Luiz Puenzo argentinarrak berriz Gringo viejo (1989) eleberriaren moldaketa filmatu zuen, Jane Fonda eta Gregory Peck aktoreekin.