Itxi

Musika

Disko-liburu berria

Kepa Junkera: 'Miresten ditudan trikitilariak omendu nahi izan ditut'

Natxo Velez | eitb.eus

Bilbotar trikitilariak bere musika oinarriak eta, hartara, trikitixaren historia birpasatu ditu “Trikitixaren historia txiki bat” disko-liburuan. Lanaren nondik norakoak azaldu dizkigu.

35 urte joan dira dagoeneko Kepa Junkera trikitilariak Errekalde Bilboko auzoko etxean musika tresna hori esku artean lehenengoz hartu zuenetik. Aititak eta amak gerturatu zizkioten betiko barneratu zitzaizkion doinuok, eta Junkerak omendu egin nahi izan ditu bere lan berrienean.

35 urteko bere mikrohistoria eta musika tresna honek, Italiatik etorrita, gurean egin duen 150 urteko makrohistoria aletu ditu Junkerak, disko-liburuan, txikitan inspirazio iturri izan zituen musikariak omenduta.

CD-liburuak aurkezpen zaindua du, halaber, doinuen inguruan: Igotz Ziarretaren eta Junkeraren artxiboko argazkiak, Alberto Palomeraren ilustrazioak eta Joxean Agirreren prosa.

Kepa Junkerak berak ?Trikitixaren historia txiki bat? lanaren historia eta etorkizuna argitu dizkigu, aurrez aurre.

Lan hau ?trikitilari eta pandero-jotzaileentzako omenaldia? dela esan duzu. Zure ustez, herri kulturan ez dago haien inguruko ezaguera nahikorik? Liburua horren aurkako erantzuna da?

Askotan, herri musika oso ezezaguna izaten da; nik neuk ere ikasten jarraitzen dut. Jendeak badaki zer soinu duen, baina, askotan, jotzen dugunoz gaindi, ez da jakiten abestietan zein tresna entzuten diren edo nortzuek jotzen dituzten.

Gainera, munduko beste toki batzuetan dudan publikoaren aurrean ere goratu nahi nituen musikari hauek, ezagutzen ez dituztela ikusi baitut. Horregatik guztiagatik, aitita eta amarengandik abiatuta ?horiek ere panderoa jotzen zuten?, familia, jotzen hasi nintzenenean ondoan izan nituenak, Zabaleta eta Motriku, eta Laja, Fasio, Rufino, Epelde eta beti miretsi izan ditudan beste trikitilariak omendu nahi izan ditut.

?Trikitixaren historia txiki bat?, gainera, musikaren munduan 35 urte egin dituzula ospatzeko aitzakia ere bada. Nola ezagutu zenuen tresna hau?

Bai, 35 urte daramatzat trikitiarekin dagoeneko. Ni Errekaldekoa naiz; bertan, familiaren alde horri esker, soinua entzun ahal izan nuen eta txundituta gelditu nintzen. Orduan, ikasteko grina erne zitzaidan, eta bidaia harrigarri hau abiatu nuen. Bide horretan, etengabe hazi naiz, nola musikari gisa hala pertsona gisa.

Erromerietan, ezkontzetan eta txapelketetan hasi nintzen lehen urteetan, eta nire diskoak grabatu eta kantuak sortzera iritsi naiz. Gainera, musikari pilo batekin lankidetzan aritu naiz, eta gure musika bere berezko mugetatik at eraman dut? Abentura zoragarria izan da, eta, hastapenetan, burutik pasatu ere ez zitzaidan egiten horrelakorik.

Lanean, Sakabi, Leona, Laja, Landakanda, Rufino Arriola? omendu dituzu. Zer irizpideri jarraitu diozu zer artista sartuko zenituen erabakitzeko?

Nik miretsi dudan jendea da, hastapenetan niretzat ametsa irudikatzen zutenak: euren jarraitzailea nintzen, eta ikaragarriak ziren. Batik bat Laja eta Landakandaren jarraitzailea izan naiz: binilozko diskoak dauzkat, kaseteak?

Jende horrek guztiak energia eta ikasteko grina helarazi dizkit, eta, nolabait ere, itzuli egin nahi diet. Gainera, zorionez, liburuan parte hartu dute, argazkietarako jartzen?

CDan, Sorginak pandero-jotzaile eta abeslari gazteen taldea agertzen da. Nola gauzatu da haiekiko lankidetza?

Eurek ez zuten lehen elkar ezagutzen, nik sortu dut taldea. Ohiko trikitixaren giroan dabiltzan neskak dira, eta deitu egin diet. Adin horretakoak izatea interesatzen zitzaidan, ni ere orduan hasi bainintzen, eta ilusioa, indarra eta freskotasuna jarri dute.

Gainera, nolabaiteko kutsu pedagogikoa ere ematen diote proiektuari, nire esperientziak aberastu egingo baititu, eta trikitixa belaunaldi berrietan ere bizirik dagoela erakusten du.

Kepa Junkera Argazkia Igotz Ziarreta

Musika arloan, trikitixa, perkusioa eta ahotsak soilik hartu dituzu ardatz, zure musikan dagoeneko ohikoak diren hainbat elementu isildu dituzu. Zaila izan da kantuak janzteko joerari muzin egin eta oinarrizko soinu biluzia gordetzea?

Tira, nire ibilbidean, kontrasteak ugari dira: Euskadiko Orkestrarekin lan egin dut, orain hau egiten ari naiz eta nire aurreko proiektuan (?Galiza?) berrehun musikarik parte hartu zuten. Baina kontrasteek berebiziko garrantzia dute sortzaile baten ibilbidean, beti gauza bera eginez gero inertziak gidatuko zintuzkeelako.

Lan egiteko bi moduak atsegin ditut, baina, batera edo bestera egin, nire kutsua, nire soinuera, ematen diot emaitzari.

Zelan eramango duzue proiektu hau agertokietara? Zer bide du aurretik ?Trikitixaren historia txiki bat? lanak?

Bada, zenbait tokitan taularatu dut dagoeneko: Eskozia, Danimarka, Polonia, Italia? 2015ean, Euskal Herritik eta mundu zabaletik bira egiteko asmoa dut.

Formatu ezberdinetan saiatuko naiz: bi neska eramango ditut lagun zenbaitetan, sei beste batzuetan, lau? Eta baliteke sorgin gehiago sartzen joatea. Erraz egokitzen naiz egoera ezberdinetara, eta hau ez da ohiko talde estandarra, taldekide jakin batzuk dauzkana.

Nik proiektua moldatzeko ahalmena daukat, neuk hala erabakita, baina soinuera beti izango da antzekoa.

Kepa Junkera Argazkia Igotz Ziarreta

Durangoko Azokaren ateetan, literaturaren edo musikaren esparruko zer lanek eman dizu arreta azkenaldian?

Tira, nire lagunen lanei adi begiratzen diet beti, eta maite dut sortzen jarraitzea. Bana-banakoan sartu gabe, nire ustez, interesgarriena jendeak sortzen, konposatzen, duela ikustea da. Sortzaileak animatzen jarraitu behar dugu, gure inguruan ere beste gauza asko sortzen baitira: diseinatzaileak, argazkilariak, kazetariak? Kultura egiten jarraitu behar dugu, ezinbestekoa baiteritzot.