Itxi

Musika

Adarra Saria

Ruper Ordorikak jasoko du 2015eko Adarra Saria

Erredakzioa

Oñatiko musikariak hartuko du “urtero euskal musikaren arloan garrantzi edo eragin bereziko ibilbidea egin duen edo egiten ari den artista bat omentzeko” Donostiako Udalak ematen duen aintzatespena.

Ruper Ordorika oñatiar musikariak jasoko du aurten Donostiako Udalak ematen duen Adarra Saria. Gipuzkoar hiriburuko udalbatzak ?urtero euskal musikaren arloan garrantzi edo eragin bereziko ibilbidea egin duen edo egiten ari den artista bati? eskaintzen dio golardoa.

Aurten bigarrenez emango dute saria. Iaz, lehenengo edizioan, Mikel Laboa zena saritzea erabaki zuten, eta Juan Karlos Izagirre hiriko alkateak Marisol Bastida Laboaren alargunari eman zion saria.

Saria emateko ekitaldia 2015eko ekainaren 21ean egingo da Donostiako Victoria Eugenia Antzokian. Marijose Recalde (Iruñea, 1964) artista nafarraren brontzezko eskultura bat da garaikurra.

"Ibilbide luze eta emankorra"

José Antonio Echeniquek, Jon Eskisabelek eta Agurtzane Aizpuruk osatutako aholkularitza batzordeak arrazoi hauek hartu ditu kontuan, besteak beste: "Ruper Ordorikak bere estiloaren berezko modernotasunari eta proposamen musikalari ibilbide luze eta emankorra gehitzen dizkio. Ibilbide horretan, Ruperrek, Euskal Herriko abangoardiako artistekin ez ezik, beste jatorri eta tradizio batzuetako lehen mailako artistekin ere grabatu eta partekatu ditu proiektuak. Ohikoa da Ruperrek jazzeko eta rock garaikideko artista amerikarrekin elkarlanak egitea eta diskoak ekoiztea. Era berean, Ruper Ordorikak euskal kantutegiaren zati garrantzitsu bat berreskuratu eta eguneratu du, bai bere izenean eta bai kolektiboki partaide izan den proiektuen bitartez".

"Ruper artista ezaguna eta errespetatua da bere abesteko estilo propioagatik, izan duen ibilbidearen seriotasunagatik, bere jarrera artistikoaren modernotasun berezkoagatik eta konpositore gisa egin duen lanaren sakontasunagatik", gehitu dute.