Itxi

Musika

Uztail hasieran

Stanley Clarke, Joe Lovano eta Avishai Cohen, Getxo Jazzen

Erredakzioa

Bizkaiko udalerriko jaialdiaren 39. edizioa uztailaren 1etik 5era izango da eta hamazortzi kontzertu hartuko ditu guztira. Cohen uztailaren 1ean egongo da, Lovano 3an eta Clark 4an.

  • Stanley Clarke baxu-jotzailea uztailaren 4an arituko da Getxon.

    Stanley Clarke baxu-jotzailea uztailaren 4an arituko da Getxon.

Uztailaren 1etik 5era izango dira Getxoko 39. Nazioarteko Jazzaldiko saio nagusiak, eta antolatzaileek lehen izen handiak iragarri dituzte. Lehenengo egunean, uztailak 1, egungo eszenako tronpeta-jotzaile nabarmenetako bat, Avishai Cohen, jardungo da. Jaialdiaren erdialdean, hilaren 3an, Joe Lovanoren txanda izango da, duela hiru hamarkadatik hona saxo tenorraren erreferentzia bilakatutakoarena. Azkenik, larunbatean, uztailak 4, Stanley Clarke jardungo da, jazzaren eszenan baxu elektrikoa sartzearen aitzindarietako bat.

Avishai Cohen (1978, Tel Aviv; Israel) bere belaunaldiko tronpeta-jotzaile onenetarikoa da. Bebop eta post-bop estiloetan hasi eta beste musika-korronte batzuetara jo du azken urteotan inprobisazioan zein musikagintzan. Getxon, Cohenek hirukotea osatuko du Omer Avitalekin (kontrabaxua) eta Nasheet Waitsekin (bateria).

Joe Lovanori (1952, Cleveland; AEB) dagokionez, jazz zirkuituko  saxo tenor jotzailerik garrantzitsuenetakoa da. Berritzaile, espontaneo eta inprobisatzaile handia, 70eko hamarkadaren erdialdean hasi zen jotzen Getxoko Jazzaldian laukote formatuan arituko da Lawren Fieldsekin (pianoa), Linda Ohrekin (kontrabaxua) eta Joey Baronekin (bateria).

Soul eta rock musiken eskutik eman zituen lehenengo urratsak Stanley Clarkek (1951, Filadelfia; EEBB), jazz rock delako estiloaren esparruan. Chick Corearekin batera Return to Forever taldea eratu zuen, fusion eszenako talde aurrendaria, hain zuzen. Ondoren, mota anitzeko proiektuetan aritzea erabaki zuen. Jazzean zein beste musika generoetan jakin-min handia erakutsi du eta hori dela eta, muturreko garbitasunari eta ortodoxiari loturiko kritikari batzuek gutxietsi egin dute. Frank Zapparen taldeko teklatu-jotzailea den George Dukerekin "Clarke-Duke Project" taldea sortu zuen eta bere ideia musikalak adierazteko bide egokia aurkitu zuten. Teknika eta birtuosismo apartaz dohaindua, Jaco Pastoriusekin batera, baxu elektrikoa sartu zuen lehenengo aldiz jazzaren munduan. Getxo Jazzean honako musikari hauekin ariko da Clarke: Beka Gochiashvili (pianoa), Cameron Graves (teklatuak) eta Michael Mitchell (bateria).