Itxi

Musika

Elkarrizketa

Gora 'San Fermin'!: indie doinuak Brooklyndik

Natxo Velez | eitb.eus

Ahaztu entzierroak, txupinazoa, zapi gorriak… Sanferminez ez, San Fermin Brooklyngo musika taldeaz dihardugu. Haren liderrak Iruñeko jaien izena hartu duen taldearen atzean zer den azaldu digu.

Halako egun batean, uda antolatze aldera-edo, nork daki, Interneten murgildurik gaudela, Leeds eta Readingeko jaialdi ingeles ospetsuetako kartela paratu digu begien aurrean zoriak, horraino heldu gara Sareko hari amaigabeetako bati jarraituta; izen erakargarriak ugari, begi-bistan: Mumford & Sons, Metallica, Royal Blood, Deadmau5, Mastodon, Gojira baionesak? eta ?San Fermin?!

Jakin-mina asetze aldera piru mehe horretatik tira egin, eta Brooklynera begira jarri gara: San Fermin New Yorkeko auzo bizi horretan ezarritako musika taldea da, Ellis Ludwig-Leone konposatzaile distiratsuak gidatutakoa. Apirilean, Jackrabbit bigarren diskoa kaleratuko du zortzikote gisa oreka lortu ondoren mundu zabalean gero eta oniritzi zabalagoa jasotzen ari den taldeak.

Popa, ?postrock? esaten zaion hori, rock inarrosaldiak, musika klasiko garaikidea, ukitu elektronikoak... Nahasketa intentsu eta interesgarria proposatzen du San Ferminek, eta haren inguruan gehiago jakiteko Ellis Ludwig-Leone taldeko buruarekin hitz egin dugu, diskoa merkaturatu eta biran ateratzeko bezperatan.

Lehenik eta behin, taldearen izenari buruz galdetu behar dizut. Zergatik ?San Fermin??
Atsegin dut jende aldra bat bizitza salbatzeko korrikan erakusten duen irudia.

Sanferminen zein alderdi atsegin duzu gehien? Badaukazu sanferminen eta Ernest Hemingway estatubatuar idazlearen arteko harremanaren berri?
Niri Hemingwayren bertsio erromantikoa egungoa baino gehiago interesatzen zait, azken hau iskanbilatsuagoa iruditzen baitzait. Baina bertatik bertara ikustea gustatuko litzaidake!

Egon zara inoiz Iruñean sanferminetan? Europako bira bertora etortzeko baliatzeko asmorik baduzu?
Ez naiz sekula egon, baina berandu baino lehen joatea gustatuko litzaidake. Apirilean, Europako bira egingo dugu, eta Londres, Dublin, Amiens, Amsterdam, Hanburgo, Paris eta Brightonen egongo gara. Euskal Herrian ezer ez, tamalez.

Zezenen aurrean korrika egitea arriskutsua da, bai, baina egun, ?singleen urrezko garaian?, disko kontzeptuala (San Fermin, 2013) merkaturatzea ere ez da ahuntzaren gauerdiko eztula. Zorionez, alderdi artistikoa disko salmenten aurretik jartzen duzula dirudi?
(Barreak) Tira, musika kaleratzea bera ekintza arriskutsua dela uste dut. Behin zure lana hor kanpoan egonda, edozeinek edozer gauza esan dezake haren inguruan, eta hori beldurgarria da. Hala ere, nire aburuz, zure lana argitaratzeak ematen duen poza desabantaila guztien gainetik dago.

Jackrabbit zure bigarren diskoa apirilean argitaratuko duzue. Zein alde dakartza San Fermin-en aldean?
San Fermin nire lehen diskoa izan zen, eta, ondorioz, eraginak nabariagoak zirelakoan nago. Aitzitik, Jackrabbit trinkoagoa da, neure buruaz seguruago nengoen erakusgarri. Sinplifikatuagoa da eta, halaber, askeagoa.

San Ferminen estilo asko nahasten dituzu. Entzuten duzun zer musikak aurkitzen du zure sormen lanetan isla izateko bidea?
Biran egotea itzela da, talde asko ikusteko aukera ematen digulako bizimodu horrek. South By Southwest jaialditik itzuli berri naiz, eta bertan berrogeita hamar bat talde ikusiko nituen. Hartara, horrenbeste musika berri entzuteak eragina du, noski, neure musika hautemateko daukadan moduan.

Lehenengo diskoa grabatzeko, hogeita bi musikari elkartu zineten, baina, egun, zortzi kidek osatzen duzue taldea. Erronka izan da hori Jackrabbit konposatzeko garaian?
Bai, baina hitzaren zentzurik onenean. Niretzat trantsiziozko diskoa zen, San Fermin nire proiektua izatetik talde izatera pasatu baita urtebetean, eta hori diskoa entzundakoan agerian gelditzen dela uste dut. Taldekide hauentzat idatzi dut diskoa beren-beregi: lan pertsonal eta zuzenagoa da, hartara.

Zein asmo dauzkazue Jackrabbit atera eta gero?
Udaberriko bira egingo dugu, eta jarraian, udan, jaialdi batzuetan egongo gara. Horren ostean, udazkenean ere bira egingo dugu. Ez gaude geldi egoteko!