Itxi

Musika

Azoka eta Record Store Day

Biniloaren soinura dantzan

Natxo Velez | eitb.eus

Azoka batek binilozko disko suspertuaren zaleak bilduko ditu larunbat-igandeetan, hilaren 18 eta 19an, Bilbon, mundu osoan Record Store Day disko denden jaia ospatuko den asteburuan.

0:55

Binilozko diskoa bueltan da, jakina denez, disko denden apaletara eta musikazaleen erosketa zerrendetara, eta egun denda fisikoetan diskoak erosteko balentria gauzatzen duten horien hautuetan pisu nabarmena dute soinudun ildo-mapa beltz biribilek.

Asteburuon, musikazaleek bi hitzordu ezinbesteko dituzte gurean: larunbatean Record Store Day, disko denda independenteen jaia, ospatuko da mundu zabalean, eta, besteak beste, Bilbon oihartzuna izango du, doako kontzertuak antolatu baitituzte horren kariaz. Gainera, Bilborocken, Bilboko Disko Azoka egingo dute larunbat-igandeetan.

Bilboko Nazioarteko Disko Azokak laugarren edizioa ospatuko du apirilaren 18 eta 19an Bilborocken; munduko denda esanguratsuenetako batzuek biniloak eta bildumazaleentzako bestelako materiala erakutsi eta salduko dituzte bertan.

Biniloaren zaleentzako aukera handia da Azoka. Gero eta jende gehiagok egiten du urte askoan ahanzturaren biktima izan den formatu honen alde, eta azken hamarkadan, modaren korrontearen eraginez ere, askoz gehiago saldu dira binilozko diskoak.

Juan Carlos Vilella Azokaren zuzendariaren hitzetan, ?2006an ez zegoen batere kulturarik biniloaren inguruan, eta egun ezinbestekoa da ia?. Formatu honetako 230.000 ale saldu zituzten Espainiar Estatuan 2014an, eta milioitik gora ale Erresuma Batuan.

Gainera, salmentak handitu direla-eta egungo diskoetan eta lan klasikoen berrargitalpenetan kalitatea ere hazi egin dela azaldu du Vilellak. ?Oso zainduta daude?, eta ?denetariko publikoa? eramaten dute Azokaraino, ?fetitxistenetatik hasi eta gazte eta cool-eneraino?.

?Publikoak atxikimendu handia izaten du horrelako ekitaldiekin: adiskidetasuna eta giro ona ageri-agerikoak izaten dira?, esan du Vilellak.

Disco vinilo biniloa diskoa

Record Store Day

Horrez gain, Bilboko azokak Record Store Dayrekin bat egin du egutegian. 2007an jaio zen ekimen hau, disko denda independenteei, egungo bizimoldeak arrisku bizian jarri dituen oasi horiei, gorazarre egite aldera.

Ekimenak zaleen, musika taldeen eta denden arteko loturak indartzen ditu; izan ere, talde eta diskoetxeek euren lanen edizio bereziak kaleratu ohi dituzte, denda horietan soilik salgai jarriz hauspo ekonomikoa eman eta saltokiok babesteko.

Aurten, orotariko talde eta musikariek kaleratuko dituzte lan bereziak egun berezia ospatzeko: 091, Supersubmarina, Animal Collective, Biffy Clyro, Black Keys, Cypress Hill, Elvis Presley, Foo Fighters, Herbie Hancock, Jaco Pastorius, Johnny Cash, King Crimson, Metallica ?behinolako maketa berrargitaratuko du?, Placebo, Roxy Music, Simon & Garfunkel, The Who, White Stripes...

Euskal Herrian, Bizkaiko bi dendak, Long Playk Barakaldon eta Power Recordsek Bilbon, eta Elektra Irungo dendak bat egin dute Record Store Dayrekin.

Gainera, Bilboko dendak hainbat jarduera antolatu ditu, hala nola Inditeca DJ?s disko-jartzaileen saioa, 13:30ean, eta doako kontzertuak 16:30ean. Rubia, The Fake Band, Copernicus Dreams, Brand New Sinclairs eta Señores taldeek jarriko dute musika horietan.