Itxi

Musika

DSSEU2016

5.000 musikari batera Anoeta estadioan, Europaren Egunean

Erredakzioa

2016an Donostian ospatuko den Europako Musika Eskolen XII. Jaialdiaren inaugurazio ekitaldiaren aurrekari, entsegua, izango da larunbat honetan estadioak hartuko duen ekitaldia.

03:05

5.000 musikaritik gora arituko dira larunbatean, hilaren 9an, 17:00etatik aurrera, Anoetako estadioan ospatuko den kontzertu erraldoian, Donostia 2016ren eskutik. Europako Musika Eskolen XII.Jaialdiaren inaugurazio-ekitaldiaren aurrekari, entsegu irekia, izango da. 2016ko maiatzaren 5ean ospatuko da musika ikasleen topagune erraldoia, Donostian.

Larunbateko ekitaldian parte hartzeko interesa dutenek bost euroko ekarpena egin beharko dute, Fnac saltegian edo Sarean. Ordainetan, sarreraz gain, beste hainbat informazio jasoko dute, hala nola ekitaldian abestuko diren lau kantu koralen hitzak, koreografiak ikasteko azalpenak…

Programa

17:00etatik aurrera eta ordubetez, 5.000 musikarik lau abesti interpretatuko dituzte: “Txanton Piperri” (Buenaventura Zapirain), “Europako Ereserkia”, Raimundo Sarriegiren “San Sebastian Martxa” eta, bukatzeko, “Musikatu Bizitza”, herritarrei zabaldutako lehiaketa bitartez aukeratutako abestia, Garazi Zabaleta gazte beasaindarrak sortutakoa. Abesti, partitura eta audio guztiak musika-eskolaren webgunean erabiltzaileen eskura egongo dira.

2016ko maiatzaren 5ean ospatuko den Europako Musika Eskolen XII.Jaialdiaren inaugurazio ekitaldiaren entsegua izango da larunbateko ekitaldia; izan ere, datorren urtean, 20.000 musikarik hartuko dute parte.

Musikaldia Errenterian

Gainera, aurretik, larunbatean bertan, Musikaldia jaialdia, Musika Eskolen Elkarteak bi urtero antolatzen duen ekimena, egingo dute, Errenterian: Euskal Herriko 46 musika-eskolatatik iritsitako 3.000 ikaslek hartuko dute parte herrian zehar ezarritako 9 agertokietan.