Itxi

Musika

Uztailak 14-18

Gasteizko jazz jaialdia Tina Brownek abiatuko du gaur

Agentziak | Erredakzioa

Chick Corea, Herbie Hancock, Estrella Morente eta hamaika artista gehiago izango dira hiriburuan, uztailaren 18ra arte. Radio Vitoriak zuzenean eskainiko du jaialdia.

  • Chick Coreak eta Herbie Hancockek uztailaren 18an joko dute

    Chick Coreak eta Herbie Hancockek uztailaren 18an joko dute

Gasteizko Jazzaldiaren hogeita hemeretzigarren edizioa gaur hasiko da, asteartearekin, eta, Iñaki Añua zuzendariak esan duenez, “munduko jazzik onena” izango du… “orain kontratatu ahal izen onena behintzat”. Chick Corea, Herbie Hancock eta Estrella Morente arituko dira, besteak beste, eta Radio Vitoriak jaialdi osoa eskainiko du.

Tina Brown Aretha Franklinekin alderatu duten gospel abeslariaren ahotsak jarriko dizkio lehen notak jaialdiari. Bonuen salmenta % 20 igo da, aurreko urteekin alderatuta batik bat, seguru asko, Chick Coreak eta Herbie Hancockek Estatuan emango duten kontzertu bakarrak eraginda.

Pianoren bi mitook uztailaren 18an joko dute elkarrekin, larunbatarekin.

Baina denetariko soinuak entzun ahalko dira Arabako hiriburuan: 60 kontzertu egongo dira guztira, eta gehienak doakoak izango dira. Egoitza nagusiak Mendizorrotzako kiroldegi berritua eta Principal Antzokia izango dira; XXI. mendea saileko kontzertuak hartuko ditu lokal horrek.

Soinu berriak entzungo dira antzokian: Jaso Marsalis Branford eta Wyntonen anaiaren bibrafonoa, Vicent Peiran soinujolea, Edmar Castañeda kolonbiarraren indiar harpa, James Bradon Lewis saxofoi-jotzailea.

Asteazkenean, hilak 15, Jim Snidero Euskadiko Ikasleen Jazz Orkestrari batuko zaio. 2014an sortu zen talde hori, Eusko Jaurlaritzako HEzkuntza Sailak, 13 eta 18 urte arteko musikarientzat.

Mendizorrotzako bost kontzertu nagusiei dagokienez, Hiromi Uehara japoniarrak eta The Tino Projectek asteazkenean joko dute, eta, haien aurretik, Jose James “jazz kantari gazteenak” Billie Holidayri eskainitako omen diskoa aurkeztuko du.

Dave Holland kontrabaxu-jotzaileak eta Chris Potter “munduko saxofoi tenorrik onenak” itxiko dute osteguneko saioa, Brad Mehldau Trioren ostean. Hollandek Miles Davisen bi diskotan jo du, besteak beste: In a Silent Way eta Bitches Brew.

Ostiralean, jaialdiaren azken txanpan, Estrella Morentek eta Niño Joselek Amar en Paz Fernando Truebak ekoitzitako diskoa aurkeztuko dute. Brasilgo musikari begiratzen dio lanak, gaztelaniaz.

Haien aurretik Anat Cohen klarinete eta saxofoi-jotzaileak joko du, Luminosa 2015eko diskoa aurkezteko.