Itxi

Musika

Euskalduna Jauregian

Van Morrison Bilbon arituko da, azaroan

Erredakzioa

Belfasteko Lehoiak Euskalduna Jauregian emango duen ikuskizunerako sarrerak uztailaren 23an jarriko dituzte salgai, 70 eta 200 euro arteko prezioan.

Van Morrisonek, herri musika berriztatu eta rock musikaren eboluzioan zeresan handia izan duen musikariak, Bilbon, Euskalduna Jauregian, joko du azaroaren 11n, aurten nazioartean egingo duen biraren barruan.

Musika munduan egin zituen hastapenetatik, Van Morrisonek hainbat musikari erraldoiren eraginak jaso eta moldatu ditu, Hank Williams, Jimmie Rodgers, Muddy Waters, Mahalia Jackson eta Leadbelly handienak, eta, kontzertuaren antolatzaileen esanetan, “haren musikak mugak hautsi ditu, Moondance-ko soul-jazzetik abiatu eta Irish Heartbeat-eko estilo tradizional zeltatik pasatuta. Azkenaldian, artista asko eta askorekin aritu da lankidetzan: John Lee Hooker, Mose Allison, Tom Jones… Gainera, blues, jazz eta country erroetan sakondu du”.

2015ean, Duets: Re-working The Catalogue merkaturatu du, lankidetzaren bide horretan aurrerago eginez. Horretan, 360 kantuko bere errepertorioko bitxi batzuk kantatzen ditu Morrisonek, ondoan Bobby Womack, Gregory Porter, Mavis Staples, Michael Buble eta beste asko dituela: “Real Real Gone”, “Higher Than The World”, “Irish Heartbeat”... Londresen eta bere jaioterrian, Belfasten, grabatu dute lan hori.

Morrisonek sari eta goraipamenak ugari jaso ditu bere ibilbidean: Brit sari bat, sei Grammy sari, doktoretzak Belfasteko eta Ulsterko unibertsitateetan, Rockaren Arrakastaren Gelan sartu dute eta Frantzian Arte eta Letren Ordenaren domina eman diote.

Sarrerak

Uztailaren 23an jarriko dituzte salgai sarrerak, 10:00etatik aurrera, Kutxabank sarean, 70, 100, 130, 175 eta 200 euroan, gastuak aparte. Kontzertuaren egunean, azaroaren 11n, 19:15ean zabalduko dituzte ateak, eta 20:00etan hasiko da emanaldia.