Itxi

Musika

Musika Hamabostaldia

Jose Bros tenor katalanak Victoria Eugeniako kontzertuak irekiko ditu

Agentziak | Erredakzioa

Abeslari lirikoaren kontzertuaz gain, organo zikloaren eta antzinako musikako zikloaren programazioak aurrera jarraitzen du. Azken horrek, gainera, ADELA Gipuzkoa elkarteari lagunduko dio.

  • Aria frantses eta italiarrak eta espainiar zarzuela kantatuko ditu Brosek. Argazkia: Javier del Real

    Aria frantses eta italiarrak eta espainiar zarzuela kantatuko ditu Brosek. Argazkia: Javier del Real

Jose Bros tenor katalanaren kontzertu batek abiatuko du Donostiako Musika Hamabostaldiak Victoria Eugenian taularatuko duen kontzertu errenkada.

Kantari lirikoak XIX. mendeko aria frantses eta italiar ezagunenak eta XX. mende hasierako espainiar zarzuelaren lan ezinbesteko batzuk interpretatuko ditu. Besteak beste, Tosti, Donizetti, Leoncavallo, Cilea, Verdi, Massenet eta Faureren lanak eskainiko dizkio publikoari.

76. Hamabostaldi honetan, beste bi emanaldi izango dira Victoria Eugenian: abuztuaren 10ean Grigory Sokolov pianista jardungo da, eta hilaren 24an Stradivariaseko lau kantariak hartuko ditu antzokiak; Beethoven, Schubert eta Rossiniren lanak entzungo dira orduan, baina baita Police, Queen eta Stevie Wonderrenak ere.

Aste honetan, Kursaaleko entzunaretoak atseden hartuko du, baina Organo eta, ostiralera arte, Antzinako Musikaren zikloetan egongo da zer entzun.

Lehenengo horri dagokionez, asteartean Maurice Clerc frantses organo-jotzaileak San Vicente elizan joko du, Donostian, eta Alize Mendizabalek Tolosako Andre Mari elizan.

Antzinako Musikaren zikloan, asteartean Forma Antiqva taldeak, Zapico anaiek, Corelli, Jose de Nebra, Gaspar Sanz eta Kapsberger eta XVII. eta  XVIII. mendeetako beste konposatzaile batzuen lanak interpretatutako dituzte.

Hamabostaldia, esklerosiak jotakoen alde

ADELAk jakinarazi duenez, Musika Hamabostaldiaren Antzinako Musika Zikloan lau kontzertu eta antzezlan bat eskainiko dira, abuztuaren 3 eta 7aren bitartean. Emanaldiak Santa Teresa Komentuan izango dira, 18:00etan.

Abuztuaren 5ean, Raquel Andueza & La Galania taldea Santa Teresa Jesusenari eskainitako bigarren jardunaldiaren protagonista izango da; Al Ayre Españolek italiar musikari eskainitako programa egingo du abuztuaren 6an; eta abuztuaren 7an Nordic Voices ganbera abesbatza izango da, norvegiarra jatorriz.