Itxi

Musika

Kontzertua

Oskarbik euskal poesiari kantatuko dio asteartean, Bilbon

Agentziak | Erredakzioa

Arriaga Antzokian emango du kontzertua duela ia 50 urte sortu zen taldeak.

  • 20:00etan hasiko da emanaldia

    20:00etan hasiko da emanaldia

Oskarbi taldeak euskal poesian oinarritutako egitaraua eskainiko du astearte honetan, otsailaren 16an, Bilboko Arriaga antzokiko Gelatxoetan, 20:00etatik aurrera, antzoki bilbotarreko arduradunek iragarri dutenez.

Horrela, Arriagako foyer-ean agertuko da duela ia 50 urtetik Iñaki Maritxalarrek eta Joxelu Trekuk gidatutako taldea, oraingoan Maite Aizkorreta (jatorrizko partaidea, baina utzi eta gero itzulitakoa), Bakartxo Maritxalar (taldearen fase desberdinetan ibilitakoa), Carlos Ruiz eta Beronik Ondikola ahotsetan lagun dituztela.

Musikariei dagokienez, Iñaki Maritxalarrek gitarra hartuko du esku artean; Carlos Ruizek, akordeoia; flauta jotzen Gontzal Iñarra izango da; perkusioaz Diego de Vera arduratuko da; Joana Ortegak joko du teklatua; eta, azkenik, Maite Lopez de Arbina biolinista ere azalduko da oholtza gainean, Oskarbirekin lehenengo aldiz jotzeko.

Oskarbi taldeak 1966ko azaroan eman zituen lehen pausoak. Aurten 50 urte beteko dira, beraz, taldea euskal herri kantak zabaltzen hasi zela eta euskal kanta berriak sortzeari ekin ziola. Bere ibilbide luzean, kantaldi eta kontzertu ugari eman ditu, Euskal Herrian batez ere. Oskarbikoak Ez Dok Amairu taldeko partaide izan ziren lau urtez (1967-1971), hamar disko plazaratu dituzte eta hamaikagarrena grabatzen hasi dira.

Astearte honetan, Arriagako Gelatxoetan, euskal poesiarekin lotutako egitaraua eskainiko du Oskarbik, bai herri doinuak bai eurek sortutakoak.

Sarrerak, 8 eta 12 euro arteko prezioan, webgunean, 946 850 850 telefono zenbakian eta antzokiko txarteldegietan eros daitezke, aurretiazko salmenta ordutegian.