Itxi

Musika

Red Bull Flying Bach

Break dancea Bachen doinura Bilbon, tranpolin jauzien ordez

eitb.eus

Irailaren 17 eta 18an, Euskalduna jauregiak Bachen musika eta break dancea uztartzen dituen ikuskizuna eskainiko du, Itsasadarrak iaz eta duela bi urte hartu zuen jauzilarien lehiaketaren ordez.

Red Bull Flying Bach Johann Sebastian Bachen musika eta munduko break dance dantzari onenak batzen dituen ikuskizuna Bilbora, Euskalduna jauregira, helduko da irailaren 17 eta 18an.

Proposamenerako sarrerak salgai daude dagoeneko, 25 eta 45 euro arteko prezioan, eta edari energetikoen austriar enpresak Bilboko itsasadarrean, Guggenheim museoaren parean, iaz eta duela bi urte eginiko tranpolin jauziak ordeztuko ditu hiriko programazioan.

ECHO Klassik Sonderpreis saria irabazi duen lanak, antolatzaileek ohar batean azaldu dutenez, “efektu berezi deigarriak eta argi joko miragarriak ditu, protagonisten garapen artistikoa janzteko”. 20:30ean izango dira bi funtzioak, irailean.

Red Bull Flying Bach 2010ean sortu zuen Varta Bassil munduko hiri dantzako eskola garrantzitsuenetako baten fundatzaileak. Das wohltemperierte Klavier Johann Sebastian Bachen preludio eta fuga multzo bi batzen dituen lana eta break danceko dantzariak elkartzeko asmoa gauzatu zuen Bassilek lan honetan.

Pianoa, klabikordioa eta erritmo elektronikoak lagun, dantzariek eta Christoph Hagel koreografoak Bachen unibertsoaren eta hiri kulturaren arteko mugak hausten dituzte.