Itxi

Musika

Omenaldia

SGAEk Ohorezko Domina emango dio Pedro Iturralde nafarrari

Agentziak | Erredakzioa

Saxofoi eta klarinete jotzailea erreferente argia da jazzaren munduan. Ostegunean, hilak 25, kontzertua emango du Madrilen, Berlanga aretoan.

SGAE Fundazioak Ohorezko Domina emango dio Pedro Iturralde nafar musikariari, eta, lau egunez, haren ibilbidea aintzat hartzeko jardunaldiak egingo dituzte Madrilen, horren kariaz. Kontzertuak, film emanaldiak eta musikariaren argazkien erakusketa bat antolatu dituzte.

Jazzaren erreferente izan den musikari honen omenezko topaketa Madrilen egingo dute, Berlanga aretoan, Fundazioak azaldu duenez, Iturralderen lana publikoari helarazteko eta musikari gisa duen balioaren berri emateko.

José Luis Acosta SGAEko presidenteak emango dio Ohorezko Domina Iturralderi (Faltzes, 1929), hilaren 25ean, eta, jarraian, omendua buru duen laukoteak kontzertua eskainiko du.

Pedro Iturraldek (saxoa eta klarinetea), Mariano Diazek (pianoa), Richie Ferrerrek (kontrabaxua) eta Daniel Garciak (batería) “EntreAmigos” azken lana hartuko dute ardatz errepertorioa aukeratzeko.

Hurrengo egunean, ostiralean, Barcelona Clarinet Playersek joko du, Manuel Martínez, Xavier Vilaplana eta Martí Guasteviren taldeak, eta larunbatean Pedro Iturralderen omenezko kontzertua eskainiko dute Mirón Rafajlovic, Jorge Pardo, Bob Sands, Luis Verde eta Norman Hogue musikariek, besteak beste.

Jardunaldiok bukatzeko, igandean "Nuevas amistades" (1963), "Mayores con reparos" (1966) eta "El viaje a ninguna parte" (1986) filmak proiektatuko dituzte.