Itxi

Musika

Bilbao Arte Portua

Munduko zuzendari, orkestra eta konposatzaile ospetsuenak, Bilbon

N.V. | eitb.eus

Bilbao Arte Portua izenburuarekin, kontzertu handien zikloa antolatuko dute urtero Bizkaiko hiriburuan. Zubin Mehtak zabalduko du 2016/2017 denboraldia, irailean. Abonuak, otsailaren 28an salgai.

  • Zubin Mehta maisuak zabalduko du aurtengo programazioa. Argazkia: Simone Donati.

    Zubin Mehta maisuak zabalduko du aurtengo programazioa. Argazkia: Simone Donati.

Euskalduna jauregiak Bilbao Arte Portua Goldberg Management konpainiak antolatu duen kontzertu handien ziklo berria jasoko du irailetik aurrera. Antolatzaileek azaldu dutenez, zikloak “mundu osoko bakarlari, zuzendari, orkestra eta konposatzaile ospetsuenak” programatuko ditu Bizkaiko hiriburuan denboraldi bakoitzean.

Lehenengo denboraldiak, esaterako, sei kontzertu handi eskainiko ditu Zubin Mehta, Vladimir Spivakov, Denis Matsuev, Ivo Pogorelich, René Jacobs eta James Newton Howard maisuen eskutik.

EiTBren parte-hartzea du, Gonzalo Olabarria Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura zuzendariak aurkezpenean esan duenez, “‘kultur maila handia eta nazioarteko oihartzuna” izateko jaiotako ekimenak.

Antolatzaileek hitzetan, gehienbat klasikoa izango den denboraldiaren barruan, Cinema Stars atala jasoko da, “ikus-entzule eklektikoagoei eskainitako proiektua, musika klasikoa melomano orokorrei hurbilduz”.

2016/2017 denboraldirako sei kontzertuetarako bonuek 152 eta 385 euro arteko prezioa izango dute eta otsailaren 28tik apirilaren 30era erosi ahal izango dira Euskalduna Jauregiko txarteldegietan, webgunean eta Kutxabank kutxazainetan.

Kontzertu bakarrerako sarreraren prezioa 29 eta 79 euro artekoa izango da, Zubin Mehtaren inaugurazio kontzerturako txartelena  izan ezik; 40 eta 99 euro artekoa izango da prezioa emanaldi horretarako.

Zubin Mehta eta James Newton Howard, besteak beste

Zubin Mehta zuzendaria izango da irailaren 16an denboraldia inauguratuko duena. Maggio Musicale Fiorentino Orkestrarekin batera, Franz  Schuberten Amaigabea, si minorreko D759 Sinfoniak eta Anton Brucknerren re minorreko A 128 9 zk.-ko Sinfoniak osatuko duten programa eskainiko du.

Urriaren 23an, Vladimir Spivakov biolinista eta zuzendariaren txanda izango da, Moskuko Birtuosoekin batera. Antonio Vivaldiren, Gioachino Rossiniren, Luigi Bocheriniren eta Pyotr Ilyich Tchaikovskyren lanez osatutako programa interpretatuko dute.

Abenduaren 7an, zinema musikaren kontzertua egongo da, James Newton Howard Hollywoodeko zuzendari eta konposatzaile nagusietakoa den eta Oscar sarietarako zortzi izendapen izan dituen musikariak, zuzendutakoa.

Soinu banda asko idatzi ditu, horien artean Gose Jokoak, Seigarren zentzua eta Pretty Woman, berbarako. Oraingo honetan, Fernando Velázquez konposatzaile bizkaitarra (El orfanato, Ocho apellidos vascos eta Lo imposible), Bilbao Orkestra Sinfonikoa eta Bilboko Koral Elkartea arituko dira berarekin.

Denis Matsuev piano jolea 2017ko otsailaren 4an egongo da Bilbon, Kazango Orkestra Sinfoniko Estatalarekin eta Alexander Sladkovsky haren zuzendariarekin. Sergei Rachmaninoven re minorreko pianorako 3 zenbakiko Op.30 Kontzertua eta 2 zenbakiko Sinfonia interpretatuko dituzte.

2017ko apirilaren 30ean, Ivo Pogorelich piano joleak, Municheko Gärtnerplatz Orkestrarekin eta Marco Comin haren zuzendariarekin, Robert Schumannen re minorreko pianorako Op.30 Kontzertua interpretatuko du.

Denboraldi honetako azken kontzertua, 2017ko maiatzaren 21ekoa, René Jacobs zuzendariaren esku egongo da, Helsinkiko Orkestra Barrokoarekin eta Sophie Karthäuser sopranoarekin. Joseph Martin Krausen, Wolfgang Amadeus Mozarten eta Ludwig van Beethovenen lanak eskainiko dituzte.