Itxi

Musika

Bilbao Arte Portua

'Gose jokoak' filmaren soinu bandaren egilea, Bilbon zuzenean

eitb.eus

Bilbao Arte Portua musika klasikoko kontzertuen zikloak, besteak beste, James Newton Howard (“Gose jokoak”, Pretty woman”…) konposatzailea eramango du Bilbora, Euskalduna jauregira, abenduan.

James Newton Howard “Gose jokoak”, “Seigarren zentzua”, “Pretty woman”,  “Maleficent”,  “Unbreakable” eta beste hainbat filmen soinu bandaren egileak emanaldi bat eskainiko du Bilbon, Euskalduna jauregian, abenduaren 7an. Europa osoan hitzartuta duen kontzertu bakarra izango da Bizkaiko hiriburukoa, hain zuzen ere.

Newton Howard zortzi aldiz izendatu dute Oscar sarietan, eta, Bilboko kontzertuan, Fernando Velazquez konposatzaile bizkaitarra (“El orfanato”, “Ocho apellidos vascos”, “Lo imposible”), Bilbao Orkestra Sinfonikoa eta Bilboko Koral Elkartea izango ditu lagun.

Zubin Mehta maisuaren kontzertu batek zabalduko duen Bilbao Arte Portua zikloaren 2016/2017 denboraldiari dagokio soinu banden kontzertua. Hain zuzen, mundu osoan sona handiena duten bakarlari, zuzendari, orkestra eta konposatzaileak Bilbora eraman nahi dituzte datorren urtean jarraipena izateko jaio den kontzertu sorta honen antolatzaileek.

Newton Howard eta Mehtaz gain, beste hauek ere pasatuko dira Bilbotik: Vladimir Spivakov eta Moskuko Birtuosoak; Denis Matusev eta Kazango Estatu Orkestra Sinfonikoa; Ivo Pogorelitx eta Gartnerplatz Municheko orkestra; eta Rene Jacobs eta Helsinkiko Orkestra Barrokoa.

Denboraldi osoko sei kontzertuetarako bonuen prezioa 152 eta 385 euro artekoa da, eta apirilaren 30era arteko epea dute Euskalduna jauregiko txarteldegian, webgunean edo Kutxabank kutxazainetan erosi nahi dituztenek.

EiTBren babesa duen zikloko kontzertu bakarrera joateko sarreren salneurriari dagokionez, 29 eta 79 euro artekoa izango da, Zubin Mehtaren emanaldian izan ezik; azken horretan, 40 eta 99 euro arteko balio izango dute sarrerok. Kontzertuetarako txartel solteak behin denboraldi osorako bonuak erosteko epea bukatuta eskuratu ahalko dira.