Itxi

Musika

Kontzertua, maiatzaren 30ean

Guns N’ Rosesen kontzerturako sarrerak, salgai

Natxo Velez | eitb.eus

Talde kaliforniar mitikoak Bilbon jatorrizko taldeko hiru kiderekin emango duen kontzertua pistatik ikusteko sarrerek 108 euroko prezioa dute.

Guns N' Roses taldeak San Mames futbol estadioan (Bilbo) emango duen kontzerturako sarrerak ostiral honetan, abenduak 9, jarri dituzte salgai, 10:00etan. Sarrerak Last Tour antolatzailearen eta Guns N' Roses Bilbao webguneetan eskuratu ahal dira.

Last Tour antolatzaileak jakinarazi duenez, 22.500 sarrera baino gehiago saldu dituzte jada. Guztira 45.000 sarrera jarriko dituzte salgai. Emanaldia pistatik ikusteko sarrera batek 108 euroko prezioa du, esate baterako.

Sarrerak 60 eta 160 euro arteko prezioan (gastuak aparte) eskuratu daitezke. Orain arte, fan taldeko kideek eta American Express txartelaren jabeek soilik eskuratu ahal izan dituzte sarrerak, aldez aurretiko salmentan.

'Not in this lifetime' birari dagokio Bilbon emango duten kontzertua, eta emanaldi sorta horretan Europan emango duten bigarrena izango da, Irlandan joko baitute aurretik. 2006an Bilbon eta 2010ean Donostian aritu zen Guns N' Roses, baina bira honek haiek baino askoz jakin-min handiagoa piztu du, haietan ez bezala, Axl Rose kantaria Slash gitarrista eta Duff Mckagan baxu-jotzailea (taldearen formazio mitikoko kideak) lagun dituela etorriko baita.

Urte askoan liskar batean aritu dira 90eko hamarkadaren hastapenetan musikaren mundua hankaz gora jarri zuen rock taldeko kideak, eta une jakin batean "bizitza honetan sekula ez" zirela berriro batuko esan zuen Axl Rosek (hotik dator biraren izena), taldearen izenaren jabe izanik beste musikari batzuekin batera 2008an "Chinese democracy" diskoa egin eta urte hauetan guztietan Guns N' Rosesen errepertorioa batetik bestera eraman duen kantari ilegorria.

2016ko urtarrilaren 1ean, Axl Rose, Slash eta Duff McKagan jatorrizko taldekideak batuko zirela eta mundu mailako bira bat egingo zutela iragarri zuten, eta Ameriketatik pasatu da dagoeneko Guns N' Rosesen urakana. 'Use your illusion' disko bikoitzaren bira egin zutenetik 20 urte pasatu ondoren, kritikak onak izan dira oro har.

Bilbon kontzertua ikusteko pistako sarrerak 108 euroan jarriko dituzte salgai.

dituzte salgai.

dituzte salgai.