Itxi

Musika

Apirilaren 28an

Juanjo Menak Arabako Urrezko Domina jasoko du

eitb.eus

Foru Aldundiak gasteiztar musikariaren “hutsik gabeko ibilbidea” eta “Arabaren izena planetako agertokirik prestigiotsuenetara eraman izana" goraipatu ditu.

  • Juanjo Mena

    Juanjo Mena

Arabako Foru Aldundiak ematen duen saririk handiena, Arabako Urrezko Domina, Juanjo Mena orkestra zuzendariari ematea erabaki du.

Ramiro Gonzalez diputatu nagusiak azaldu duenez, “hutsik gabeko ibilbidea, bere arloan munduan erreferente izatera eraman duena, eta bide horretan Arabaren izena planetako agertokirik prestigiotsuenetara eraman izana” eskertu nahi diote Menari sariaren bidez.

Diputatu nagusiak berak emango dio saria, apirilaren 28an, San Prudentzio egunean, ohi bezala.

Juanjo Menak (Gasteiz, 1965) Arabako hiriburuko kontserbatorioan egin zituen musikako lehenengo urratsak: klarinetea jotzen ikasi zuen, Juan Laordenekin, eta harmonia eta konposizioa Carmelo Bernaolarekin.

Gerora, klarinete irakasle izan zen Gasteizko kontserbatorioan, eta ikasleen orkestraren zuzendari ere bai. Cluster abesbatza sortu eta zuzendu zuen, eta Jesus Guridi talde instrumentala ere zuzendu.

EGO Euskal Herriko Gazte Orkestraren zuzendaria izan da hainbat urtez, baita Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren zuzendari elkartua ere. Gaur egun, BBC Philharmonic orkestraren zuzendari titularra da.

Arrakastaz jositako ibilbideari esker, besteak beste, 2016an Euskal Herriko Musika Bulegoaren saria eskuratu zuen, eta Espainiako Musikako Sari Nazionala eskuratu zuen interpretazio modalitatean.