Itxi

Musika

41. edizioa

John Abercrombie eta Dianne Reeves, Getxoko Jazzaldian

Agentziak | Erredakzioa

Getxoko jazz jaialdia ekainaren 28tik uztailaren 1era ospatuko da. Kontzertu handiez gainera, urtero bezala, Talde Lehiaketako kontzertuak ere egongo dira gauero.

  • Diana Reeves abeslariak uztailaren 1ean joko du Getxon

    Diana Reeves abeslariak uztailaren 1ean joko du Getxon

Getxoko 41. Jazzaldia ekainaren 28tik uztailaren 1era ospatuko da, eta iragarri ditu saio nagusietako izen batzuk. John Abercrombie eskarmentu handiko gitarrista ekainaren 29an arituko da, eta Dianne Reeves, egungo jazzaren ahots handienetariko bat, uztailaren 1ean.

Jaialdiko saio nagusien eskaintza beste hiru kontzerturekin osatuko da, eta horri Talde Lehiaketako eta Hirugarren Milurtekoa ataleko saioak eta jam session interesgarriak gehituko zaizkio.

John Abercrombie (1944, Port Chester, New York) jazz munduko gitarra maisu ospetsuenetakoa da, antolatzaileen hitzetan. Johnny Hammond Smith organistaren bandan, Gil Evans, Gato Barbieri, Barry Miles eta Billy Cobhamekin jo du, besteak beste. Getxon, Marc Copland (pianoa), Joey Baron (batería) eta Drew Gress (baxua) izango ditu lagun agertoki gainean.

Bestalde, Dianne Reeves abeslariak (1956, Detroit, AEB) bost Grammy sari eskuratu ditu, eta Wynton Marsalis, Chicagoko Orkestra Sinfonikoa eta Berlingo Filarmonikoa izan ditu lagun, besteak beste.

Talde Lehiaketa

Biotz Alai plazako kontzertu nagusien aurretik, zaleek Talde Lehiaketako saioez gozatzeko aukera izango dute aurten ere. 2017ko edizio honetan, talde hauek izango dira finalean: Adam Jarzmik Quintet (Polonia), Malstrom (Alemania), Sun-Mi Hong Quintet (Hego Korea, Italia eta Erresuma Batua) eta Claudio Jr. de Rosa Jazz Quartet (Italia, Grezia, Espainia eta Lituania).

Ohikoa denez, hautatutako taldeek jaialdiaren lehenengo lau egunetan joko dute, eta irabazlea azken egunean ere arituko da bertan.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Getxo albisteak