Itxi

Musika

Stockholmen

Bob Dylanek asteburuan jasoko du Literaturaren Nobel saria

Agentziak | Erredakzioa

Estatubatuar kantautorea Suediako hiriburuan egongo da asteburuan, bi kontzertu ematen, eta Suediako Akademiak diploma eta domina emango dizkio.

  • Bob Dylanek bi kontzertu emango ditu Stockholmen asteburuan. Argazkia: Efe.

    Bob Dylanek bi kontzertu emango ditu Stockholmen asteburuan. Argazkia: Efe.

Suediako Akademiak asteburuan emango dio Literaturaren Nobel saria Bob Dylani, Stockholmen, Suediako hiriburura bi kontzertu ematera joango dela baliatuta, gaur jakin denez.

“Akademiak eta Bob Dylanek asteburu honetan biltzea erabaki dute. Akademiak diploma, domina eta zorionak emango dizkio Literaturaren Nobel sariagatik. Zeremonia xumea izango da, agertoki txiki batean, eta ez da kazetaririk egongo”, iragarri du blog batean Sara Danius erakundearen idazkari iraunkorrak.

Dylan ez zen egon joan den abenduan Nobel saria emateko ekitaldian, eta ez du hitzaldirik egingo saria jasotzeko orduan, derrigor egin beharrekoa bada ere. Nolanahi ere, Akademiak “bere arrazoiak” ditu aurrerago, ekainaren 10ean epea bukatu aurretik, mintzaldiaren bertsio grabatu bat bidaliko duela pentsatzeko.