Itxi

Musika

''Hileta kantua''

BOSek Stravinskiren ‘obra galdu’ bat interpretatuko du ostegun-ostiraletan

Agentziak | Erredakzioa

Konpositore errusiarraren “Hileta kantua” taularatuko du Bilboko Orkestra Sinfonikoak maiatzaren 4 eta 5ean, Euskalduna jauregian.

Bilbao Orkestra Sinfonikoak (BOS) denboraldi sinfonikoaren 15. egitaraua eskainiko du ostegunean eta ostiralean, maiatzaren 4an eta 5ean, Euskalduna jauregian, eta, besteak beste, Igor Stravinskiren "Hileta kantua" interpretatuko du bertan.

Igor Stravinski konpositore errusiarrak 1908an idatzitako obra da, eta behin bakarrik interpretatu zen, 1909an, San Petersburgon. Ondoren, galdutzat jo zen Errusiako Iraultzan. Obra "berriro estreinatu" eta bost hilabetera, Estatuan pieza hau interpretatuko duen lehen orkestra izango da BOS.

Orkestrako arduradunek jakinarazi dutenez, estreinatu eta urtebetera, 1910ean, erabateko musika bilakaera hasi zuen errusiar maisuak, "Suzko txoria" Parisen estreinatutako obrarekin.

Obra galdutzat jo zen Errusiako Iraultzan, baina 2015ean, San Petersburgoko Kontserbatorioa zaharberritu ondoren, katalogatu gabeko musika eskuizkribu ugari aztertu ziren, eta kontserbatorioko orkestrak 1909ko estreinaldian erabilitako particella edo eskuz idatzitako zati solteak aurkitu ziren.

Obra berriz interpretatu zen 2016ko abenduaren 3an, aurkitu zutenetik lehenengo aldiz, Valeri Guerguievek zuzentzen duen Mariinski Antzokiko Orkestraren eskutik. Aurkikuntzaren ondoren, mundu osoko bederatzi orkestrak interpretatu dute obra orain arte: Mariinsky Orchestra; Seoul Philharmonic Orchestra; Symphony Orchestra of the Moscow Conservatory; Singapore Symphony Orchestra; Netherlands Radio Philharmonic; Philharmonia Orchestra (Londres); Orchestre National de France; Chicago Symphony Orchestra; New York Philharmonic, eta Auckland Philharmonia.

Beraz, BOS munduan obra interpretatzen duen hamargarren orkestra izango da, Mariinsky Antzokiko Orkestrak "berriro estreinatu zuenetik".