Itxi

Musika

Bira

Berri Txarrak Ipar Amerikan arituko da irailean

Natxo Velez | eitb.eus

Kanadan, Quebecen eta AEBko ekialdean izango da hirukoa irailaren 7tik 13ra, besteak beste Descendents punk eta hardcore talde mitikoarekin jotzen.

Berri Txarrak hirukoteak Kanadan, Quebecen eta AEBn joko du irailaren 7tik 13ra, astebeteko kontzertu sorta batean. Birako lehen bi kontzertuetan, Descendents punk rock talde kaliforniarraren artista gonbidatua izango dira, eta berriz egingo dute bat, horrenbestez, aspaldiko ezagunekin.

Izan ere, ez da izango Descendentsentzat irekiko duten lehen aldia. Aurretik ere deitu dituzte Milo goes to college disko mitikoaren egileek Gorka, David eta Galder agertokia partekatzeko, eta Bill Stevenson taldeko bateriak Denbora da poligrafo bakarra Berri Txarraken diskoaren hirugarren zatia, hiruretan punk rock kutsu handiena duena, ekoitzi zuen.

Bi kontzertu horietan, gainera, The Menzingers estatubatuar talde interesgarria ere izango dute lagun. After the party disko azpimarragarria publikatu du Pennsylvaniako laukoteak aurten, lelo gogoangarriak, melodia, rock klasikoa eta punk inarrosaldi neurtuak uztartuz, Social Distortionen edo Gaslight Anthemen moldera, eta Rented world eta, batik bat, On the impossible past diskoetan erakutsitako manera deigarriak berretsiz.

Irailaren 9an,Washington hirian joko du Berri Txarrakek, bakarka oraingoan, eta biharamunean, irailaren 10ean (egun horri kantatu zion taldeak Libre diskoan), Descendentsekin batuko dira berriz, Providencen.

Hurrengo hiru egunetan, Bostonen, New Yorken eta New Jerseyn, Hudson ibaiaren bestaldean, erakutsiko dituzte beren kantuak Berri Txarrakekoek, Euskal Herrira itzuli eta Denbora da polígrafo bakarra diskoaren jarraipena sortzeko lanetan murgildu aurretik.

berri txarrak

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Berri Txarrak