Itxi

Musika

Lau emanaldi

Opus Lirica taldeak bigarren opera denboraldia antolatu du Donostian

eitb.eus

Konpainiak bi opera, opera-ikuskizun bat eta kontzertu bat eskainiko ditu, Kursaaleko Auditorioan eta Victoria Eugenia antzokian.

  • Kursaalen eta Victoria Eugenian izango dira kontzertuak. Argazkia: Koldo Del Horno.

    Kursaalen eta Victoria Eugenian izango dira kontzertuak. Argazkia: Koldo Del Horno.

Opus Lirica konpainiak opera denboraldi finkoa eman nahi dio Donostiari, eta, bide horretan, bigarren denboraldia aurkeztu du: bi opera, kontzertu bat eta opera-ikuskizun bat prestatu dituzte Kursaaleko Auditorioan eta Victoria Eugenia Antzokian.

“‘La Traviata’ eta ‘Carmen’ operek izandako harrera itzelaren ondoren, Kursaala lau gauez betez, Donostian opera ikusteko zaletasuna badagoela eta jendeak opera nahi duela erakutsi dugu.”, azaldu du Chomin Martin Opus Liricako presidenteak.

Denboraldiko lehen ekitaldia Kursaaleko Auditorioan 2017ko urriaren 27an egingo den opera-ikuskizuna izango da, eta Arkaitz Mendoza donostiarrak zuzenduko du Opus Lirica Orkestra bertan: “Konpainiak egindako aurreko zazpi operen oroitza izango da, unerik onenen aukeraketa bat”, esan du Martinek.

Bigarren ekitaldia ‘La bohème’ Pucciniren lanaren produkzio handia izango da, 2018ko martxoaren 2 eta 4ean Kursaaleko Auditorioan.

Hirugarren ekitaldia 2018ko apirilaren 19an izango da, Kursaaleko Auditorioan, eta Donostiako Orfeoia eta Opus Lirica agertoki bakarrean batuko ditu.

Azkenik, ‘Orfeo ed Euridice’ (Gluck) izango da laugarren titulua, Arké arabar konpainiarekin koprodukzioan. Victoria Eugenia Antzokian taularatuko dute, 2018ko ekainaren 1 eta 3an.