Itxi

Musika

'Barne basoan barna'

Mikel Gorosabel: 'Musika kanporatzeko gune pertsonal librea da proiektu berria'

Natxo Velez | eitb.eus

Mikel Gorosabel musikariak “Barne basoan barna” bakarkako diskoa kaleratu du, EH Sukarra taldeko liderraren unibertso musikal osoa islatzen duen lan askotarikoa.

1:33

Topikoa egiatia da oraingoan, ezin saihestuzkoa: Mikel Gorosabelek "bere diskorik pertsonalena" kaleratu berri du, "Barne basoan barna". Izenetik hasita baiezta dezakegu hori, Mikel Gorosabel sinadurapean, bestelako babesgarririk gabe, heldu baitzaizkigu oraingoan EH Sukarra, Lorelei eta Norton Klub musika taldeetan ezagutu dugun musikariak sortutako doinuak.

Azken bi urteetan eraikitako kantuekin, "DISKOA" osatu du Gorosabelek, letra larriz, hasieratik bukaeraraino entzunda zentzua hartzen duten bilduma horietakoa baita "Barne basoetan barna", kantuek elkarrekin adarkatuz eratutako hostaila, eta ez kantu segida soila.

Baso horretan, Mikel Gorosabelen ohiko ahots melodia zainduak zenbait soinu ezberdinek hauspotuta entzun daitezke. Gitarra akustiko soilak janzten du diskoaren irekiera xaloa ("Galde"), esaterako, baina EH Sukarran ohikoagoa zen pop rocka ("Utzi", "Andabidea") eta pop bareagoa ("Mataza", "Eguneko ohikeriak") ere entzuten dira gero, baita elektronika ("Ohean infernura begira", "Ogi-ezten") ere.

 


Asier Serrano ohiko laguntzailearen aholkuari jarraituta, euskal idazle zenbaiten laguntza izan du oraingoan Gorosabelek kantuen hitzei beti eskainitako arreta (Asier Serranok EH Sukarrarekin egindako lana, esaterako, mugarria da euskal pop rockaren letragintzan) kantu berrietan islatzeko. "Beldurra" gaitzat hartuta, hitzak bidali dizkiote Gotzon Barandiaran, Lutxo Egia, Harkaitz Cano, Leire Bilbao (ederra "Baso itxia"), Asier Osinalde, Beñat Sarasola, Oier Guillan, Mikel Soto, Jasone Osoro, Igor Estankona eta Irati Jimenez idazleek.

 

Diskoa grabatzeko, crowdfunding kanpaina egin du Gorosabelek, eta Interneten bidez eros daiteke emaitza orain. Eibartar musikariarekin hitz egin dugu.

"Barne basoan barna" diskoa zure izenpean atera nahi izan duzu, Mikel Gorosabel izenarekin, eta ez EH Sukarraren babespean edo Norton Kluben izenean. Zer dela eta?

Azken bi urteetako lana da hau, eta denbora horretan sortu ditudan kantuak biltzen ditu. Oraingoan "Mikel Gorosabel" izenburupean aurkeztea pentsatu dut, "Lorelei" eta "Norton Klub" sortu nituen bezala.

Arrisku handiagoko proiektu honetan sartzeak EH Sukarra beste ikuspuntu batetik ikusten eta EH Sukarran lekurik izango ez luketen doinuak, kutxa batean gorde beharrean, azaleratzeko aukera ematen dit. Izan ere, niretzat oso garrantzitsua da gustuko ditudan konposizioak ateratzea, orduan sentitzen bainaiz libre kanta horiekin eta betiko ahazten ditut.

Normalean, disko bat kaleratu eta gero, ez dut inoiz neure kabuz berriz entzuten, ez bada taberna batean, irrati edo telebistan edo neure zuzeneko kontzertuetan. Kanta berriak egitera jotzen dut.

mikel gorosabel norton

Kantuak hitzez janzteko, 11 idazlerengana jo duzu oraingoan. Zergatik aukeratu dituzu horiek, eta nola egin duzu lan beraiekin?

Asier Serranorengana jo nuenean, berak proposatu zidan beraren inguruko idazleei kanta bana bidaltzea, zozketa eginda. Denek jorratu behar zuten gaia ere berari otu zitzaion: "beldurrak", lehen pertsonan.

Kantuak bukatuta bidali nizkien, ahotsaren melodia eta metrika sartuta, eta prozesu atsegin eta aberasgarria izan da.

Denetariko kantuak sartu dituzu diskoak. Nola sortzen dituzu?

Datozen moduan sortzen ditut. Gitarra izan daiteke jatorria, edo pianoa, nire pausoa, oinez noanean, edo autoa, ohea… Eta, nola ez, ordenagailua.

Zure musikan, melodia nabarmendu da beti beste guztiaren gainetik. Bertatik abiatuta josten dituzu kantuak?

Ahotsaren melodiak lotzen ditudanean bihurtzen da kantu esku artean daukadan ideia, eta gainerako tresnei dagokienez ere, niretzat erakargarriak diren melodiak aurkitzen saiatzen naiz, behartu,samurtasunez, pentsatu gabe...

Barrutik datorkidan magia horren bila ibiltzen naiz, eta bat-batean argia agertzen zait. Kantagintzan gustukoen dudan prozesua da, jolasa bezalakoa da niretzat.

Diskoa BilbaoRock estudioan grabatu duzu, Sabin Kareaga teknikariarekin, Loiola bateriez arduratu da, eta zu gainerako tresna guztiez. Zelan joan da grabazioa?

Bai, bateria akustikoa eta zenbait gauza grabatu ditugu BilbaoRocken, baina gehiena etxean grabatu dut. Nahasketak Sabinek etxean duen estudioan egin ditugu, eta lau aste egon gara guztira grabazioan. Emaitzarekin pozik geratu gara.

mikel gorosabel norton

Abenduaren 29 eta 30ean, diskoa zuzenean aurkeztu zenuen Eibarren. Zelan joan ziren kontzertuak?

Bi kontzertu eskaini nituen, Ez Dok Eibarko tabernan, eta hirukote bezala aurkeztu nuen taldea: Loiola, baterian; Axier Kiriketa, baxuan; eta ni, gitarra, ahots eta pianoarekin. Gainera, kantu gehienetan aurrez grabatutako doinuak gaineratu genituen.

Eibarren, Barne basoan barna diskoa osorik jo genuen soilik, kantuak diskoan jarritako ordena berean jarrita. Etorriko diren kontzertuei begira, zerrenda hori luzatzeko asmoa daukat Lorelei, Norton Klub eta EH Sukarraren kanturen bat ere gehituz.

Musika munduan ibilbide luzea egin duzu. Atzera begiratuta, hitz gutxitan, zer izan dira zuretzat…?

EH Sukarra: Arrakasta.

Lorelei: Gazte garaiko "abentura" eroa, konplexurik gabea, Asier Serranorekin batera.

Norton Klub: Bartzelonan ondutako bakarkako lehen proiektua.

… Eta zer nahiko zenuke izatea zure proiektu berri hau?

Musika kanporatzeko gune pertsonal librea.

rtsonal librea.