Itxi

Musika

Donostia

La Fura dels Bausek zabalduko du Musika Hamabostaldia, 'Kreazioa' lanarekin

Agentziak | Erredakzioa

70 proposamen eskainiko ditu jaialdiak bere 79. edizioan, 11 ziklotan banatuta, abuztuaren 2tik irailaren 1era.

  • Abuztuaren 2an estreinatuko du lana La Fura dels Bausek. Argazkia: Marie Guilloux.

    Abuztuaren 2an estreinatuko du lana La Fura dels Bausek. Argazkia: Marie Guilloux.

Donostiako Musika Hamabostaldiaren 79. edizioa abuztuaren 2tik irailaren 1era egingo dute. 31 egunetan, jaialdiak 70 proposamen eskainiko ditu, 11 ziklotan, Gipuzkoako hiriburuan eta Euskal Herriko beste hainbat udalerritan. Kursaal Auditorioko programa La Fura dels Bausek irekiko du, abuztuaren 2 eta 3an ‘Kreazioa’ taularatuz.

Joseph Haydnen lan homonimoan oinarrituta, La Furak bertsio berria egiten du “munduaren (makrokosmosa) sorrera giza gorputzarekin eta DNArekin (mikrokosmosa) lotuz”. Musikari dagokionez, Jose Ramon Encinarrek zuzenduta, Bilboko Orkestra Sinfonikoak, Haydn dels Baus abesbatzak, Alicia Amo sopranoak, Gustavo Peña tenorrak eta Thomas Tatzl baritonoak hartuko dute parte.

Astebete geroago (abuztuak 11 eta 13), Kursaal Auditorioak ohiko opera antzeztua hartuko du. Gioachino Rossiniren heriotzaren 150. urteurrena denez, ‘Italiarra Aljerren’ eskainiko du Hamabostaldiak.

Arlo sinfonikoan, orkestra hauek hartuko dute parte: Euskadiko Orkestra Sinfonikoak (abuztuak 18), NDR Philharmonie Hanburgokoak (abuztuak 22), Rotterdams Philharmonisch Orkestek (abuztuak 24), Budapest Festival Orchestrak (abuztuak 26 eta 27) eta WDR Sinfonieorchester Koloniakoak (abuztuak 31 eta irailak 1).

Kursaal Auditorioko programazioa ‘Amoria’ Katia eta Marielle Labeque ahizpa pianista baionesek osatuko dute, abuztuaren 29an, euskal musikari egiten dioten omenaldiarekin.

Hegiak taldea izango dute lagun labequetarrek bertsioak egiteko: Thierry Biscay eta Eñaut Elorrieta abeslariak, Ander Zulaika perkusio-jotzailea eta Harkaitz Martinez de San Vicente eta Mikel Ugarte txalapartariak. Halaber, Carlos Mena kontratenorra, Elena Martinez de Murgia eta Easo Eskolaniako hogei ume ere arituko dira beraiekin batera.