Itxi

kultura

Mondragon Unibertsitatea

Joseba Sarrionandiak bi hitzaldi emango ditu Mondragon Unibertsitatean

David Perez | eitb.com

Idazleak Eskoriatzara joateko gonbita onartu du, Huheziren ikastaro batean parte hartzeko. 1985. urtetik ihes eginda dago.

Joseba Sarrionandia euskal idazle ezagunak Eskoriatzan (Gipuzkoa) bi hitzaldi eskaintzeko gonbidapena onartu du, Mondragon Unibertsitateak jakinarazi duenez. Hain zuzen ere, Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak (Huhezi) egin dio gonbita, "euskal nazio kulturalaren aurrerabidea"ri buruz hitz egiteko.

Gonbidapena onartu badu ere, oraindik ez dago argi idazleak etortzerik izango duen. Izan ere, 1985. urtetik ihes eginda dago, eta orain itzuli ahal izateko "izapideak" egiten ari dira. Hala ere, parte hartuko du, modu batean edo bestean.

Euskal Kulturgintzaren Transmisioa (EKT) ikastaroaren bosgarren edizioaren baitan egingo ditu hitzaldiak, eta "euskaldunon nazio kulturalaren aurrerabideaz" arituko da. Besteak beste, Juan Jose Ibarretxe lehendakari ohiak eta Jesus Eguiguren PSE-EEko presidenteak ere hartuko dute parte.

Hitzaldiek ez dute datarik oraindik, baina "urtarrilean edo otsailean" izan litezke, eitb.eus-ek jakin duenez.

Sarrionandia 22 urteko espetxe zigorra betetzen ari zen Martuteneko espetxean, baina ihes egin zuen 1985. urtean, Iñaki Pikabea presoarekin batera. Kortatuk ospetsu egin zuen ihesaldi hori, "Sarri, Sarri" abesti ezagunarekin.

Idazle bat klandestinitatean

Joseba Sarrionandia (Iurreta, 1958) euskal kulturgintzako idazle ezagun eta arrakastatsuenetakoa da, eta ibilbide emankorra izan du, azken 29 urteak klandestinitatean eman baditu ere.

2011. urtean, Euskadi Literatura Saria eman zioten, eta erabakiak polemika piztu zuen hainbat sektoretan, gaztetan ETAkoa izan zelako. Azkenean, Eusko Jaurlaritzak atxiki egin zion golardoaren dirua, idazleak bere egoera erregularizatu arte.

Dena dela, hori ez da izan irabazi duen sari bakarra. Besteak beste, Espainiako Kritikaren saria, euskarazko narratibaren alorrean (1986an eta 2001ean), Literatura Kritikarien Espainiako Elkarteak ematen duen euskarazko narratiba saria (2002) eta Gipuzkoako liburu-saltzaileek urtero ematen duten Zilarrezko Euskadi saria bereganatu ditu.

Bere fruitu nagusi eta zaporetsuenetako batzuk hauek dira: Ni ez naiz hemengoa, Atabala eta euria, Hau da ene ondasun guzia, Lagun izoztua, Narrazioak, Ifar aldeko orduak, Ez gara geure baitakoak eta Han izanik hona naiz.

Gainera, T.S. Elliot olerkari eta antzerkigile angloamerikarraren poemen euskarazko itzultzaile nagusia da.

Mikel Laboak Sarrionandiaren hainbat olerki musikatu ditu.

ETA

1980. urtean, 22 urte zituela, 27 urteko espetxe zigorra ezarri zioten Sarrionandiari, ETAko kide izatea leporatuta. Bost urte geroago, 1985eko uztailaren 7an, baina, Martuteneko kartzelatik ihes egin zuen, Iñaki Pikabea presoarekin batera. Imanol kantariak bertan kontzertua eman ostean, bozgorailuetako batean ezkutatuta egin zuen ihes.

Nolanahi ere, baliteke delituak (talde armatuko kide izatea, besteak beste) preskribatu izana, eta horrek ahalbidetu egingo luke Sarrionandiaren itzulera.