Itxi

kultura

Aldundia

Bizkaiak 21.500 kultura bonu jarriko ditu salgai, kultura bultzatzeko

Erredakzioa

% 20ko deskontua emango dute erderazko edozein kultur produktu erosteko, % 30ekoa erdarazko ikuskizunak eta museoak ikusteko, eta % 40koa euskarazko produktuak erosi eta ikuskizunetara joateko.

  • Irudirik gabe

    Irudirik gabe

Bizkaiko Foru Aldundiak 21.500 kultura bonu jarriko ditu salgai kultura alorreko produktuen kontsumoa indartzeko. Aurtengo berrikuntza nagusien artean, erabiltzaileek nahi adina bonu erosi ahal izango dituztela, aurreko urteetako mugarik gabe. % 20ko deskontua emango dute edozein kultur produktu erosteko; % 30ekoa, erdaraz egindako zuzeneko kultur ikuskizunetara joateko (zinema, antzerkia, musika...) eta museoak bisitatzeko; eta % 40koa, euskarazko produktuak erosteko eta euskaraz egindako kultur ikuskizunetara (zinema, antzerkia, musika...) joateko.

Miren Josune Ariztondo Bizkaiko Kultura diputatuak Pedro Campo Bizkaiko Merkataritzako Enpresari Konfederazioko presidentearekin eta Ines Moguilot Kutxabanken Marketing zuzendariarekin eman du ekimenaren berri. Guztira 248.000 euro bideratuko dituzte kanpaina honetara.

Aldundiak 21.500 bonu jarriko ditu salgai, aurreko urtean baino 1.500 gehiago. "Erakunde publikoak eta pribatuak kultur eskaintza babesten jarraitzen dugu, baina krisi egoeran eskaria indartu beharra dagoela ikusi dugu", azpimarratu du Ariztondok.

Bonuak abenduaren 1etik urtarrilaren 29ra erosi ahalko dira, eta abenduaren 1etik urtarrilaren 31ra erabili ahalko dira. Hiru bonu mota jarriko dituzte, eta BBKren orotarako kutxazainetan eta webgunean erosi behar dira.

A motako bonuak 32 euroko prezioa izango du, eta erdarazko edozein kultur produktu erosteko erabili ahalko da, testuliburuak, ikasteko liburuak eta liburu profesionalak erosteko izan ezik.

B motako bonuak 28 euroko prezioa izango du, eta erdaraz egindako zuzeneko edozein kultur ikuskizunetara joateko (zinema, antzerkia, musika…) erabili ahalko da, "kulturaren BEZaren igoera handiena jasan dutenak direlako". Horrez gain, museoak bisitatzeko ere erabili ahalko da.

Azkenik, D motako bonua egongo da. 24 euroko prezioa izango du, eta euskarazko produktuak erosteko eta euskaraz egindako kultur ikuskizunetara joateko (zinema, antzerkia, musika...) erabili ahalko da.