Itxi

kultura

'Eutsiko diogu?'

F. Etxegoien: 'Sortzaileek hizkuntzaren sozializazio urria dute aurka'

Natxo Velez | eitb.eus

Oñatiar idazle eta kazetariak sorkuntzan modu autonomoan diharduten 12 profesional aurrera begira jarri ditu hausnarrean, "Eutsiko diogu?" liburu berrian.

Arlo askotan, bidegurutzean dago egungo gizartea edo, behinik behin, zenbait gizarte eredu; bide batzuk agortuta daude dagoeneko, eta, mugarri batera helduta, gelditu eta gogoeta egiteko garaia dela irizten diote askok.

Testuinguru horretan, Fermin Etxegoien idazle eta kazetariak sorkuntzan diharduten hainbat profesional autonomoren egoerari begiratu dio, diziplina ezberdinetan ari diren sortzaileoi galdera bakarra eginez: “Eutsiko diogu?”.

Halaber, prediku-aulkiko erantzun teorikoetatik ihesi, hilero-hilero bizibidea beren sormenari hertsiki lotu dioten hamahiru lagunen erantzunak bildu ditu Etxegoienek Eutsiko diogu? (Erein, 2014) liburuan.

Ander Lipus, Estitxu Eizagirre, Luistxo Fernandez, Mari Añes Gorostiaga, Eñaut Elorrieta, Miren Amuriza, Hedoi Etxarte, Maider Unda, Iban Arantzabal, Maia Eder Kurutxet, Jon Garaño, Jose Mari Goenaga eta Miren Agur Meaberen ideiak gordetzen ditu lanak.

Etxegoienek berak lanaren zertzelada batzuk eman dizkigu.

Non jarri duzu profesionaltasunaren eta zaletasunaren arteko muga solaskideak aukeratzeko? Zein ezaugarri komun dituzte “sorkuntzaren profesional autonomoek”?

Profesionaltasuna da bertatik bizitzea. Hemen ageri diren guztiak profesionalak dira mintzagai duten sorkuntza alorrean. Salbuespen bat dago, elkarrizketatu gazteenarena. Profesional autonomoak dira, esan nahi baita ez direla funtzionarioak. Bestalde, ez dira teoriko hutsak, haien teorizazioa haien praktikatik sortzen delako, unibertsitatean lanean ari diren teoriko gehienen artean, esate baterako, gertatzen ez den moduan.

Bizitza hautu hori hartu duten 12 pertsonok, liburuan ‘eutsiko diogu?’ galderari erantzun dioten horiek, zer irizpideren arabera aukeratu dituzu? Zer antzekotasun eta ezberdintasun daude beraien artean?

Atarian esandakoaz gain, arlokako irizpideak daude, alegia, sorkuntza gauzatzen den zenbait eremu bereizi hautatu ditut, non eta euskarazko espresiobideak –ia kasu guztietan– funtsezkoa diren, eta bestelako irizpideak lurraldetasunari dagozkio, Euskal Herriko halako osotasun bat irudikatze aldera. Antzekotasun nagusia, denek erakusten duten kemena eta aurrera egin-nahia, eta ezberdintasunak, zorionez, asko eta askotarikoak, auzi ezberdinen gaineko ikuspegietan.

Zein arazo orokor, zein muga, aurkitzen ditu egun Euskal Herrian sormenaren bidez bizibidea bere kasa atera nahi duenak? Zer ondorio ditu horrek hizkuntzan edo gizarte ereduan, berbarako?

Muga nagusia hizkuntzaren sozializazio ez-nahikoari eta ez-uniformeari dagokio, profesional hauen merkatu eremua, ezinbestez, behar baino murritzago ageri baita, edo bestela ageri ez, baina, barnetik desitxuraturik dagoenez, sortzaile hauei zaila zaie hiztun potentzialen eremu osoan arrantzan egitea, salbuespenak salbu. Ondorioak joan-etorrikoak dira, gainera, diglosia bera joan-etorrikoa den ber.

Diziplina profesionalaren araberako alderik aurkitu duzu elkarrizketetan? Zein dira?

Bai noski, ez da gauza bera poemak idaztea edo gaztak ekoiztea, web-orriak diseinatzea edo irratiz mintzatzea. Horregatik egin ditut banan-banako elkarrizketak eta ez elkarrizketa koral edo world-kafe horietariko bat. Dozenaka dira, arlo bakoitza ezaugarritzen duten kontu bereiziak.

Zer egin da ondo eta zer txarto egungo egoerara heltzeko? Zer bidetatik jo behar da sormenaren profesionalek aurrerabidea topatzeko? Bidegurutze batean ote gaude?

Bukaeratik hasita, badirudi baietz, hainbat alorretan bidegurutze batean gaudela, besteak beste, internet nagusitu denetik, eta baita, bestalde, hizkuntzarekin gertatzen ari denari erreparatuta, inoiz baino urrutirago ailegatu baita, baina, era berean, badirudi, hara non, erabilera behera doala, eta kontraesan horrek bidegurutze batean jartzen gaitu, argi eta garbi. Ondo ala txarto egin izan denaz, liburuan dozenaka ideia ageri dira horretaz.