Itxi

kultura

Arkeologia

2.700 urteko bi musika-tresna aurkitu dituzte Txinan

Erredakzioa

Txinatar arkeologo batzuek “se” hari-instrumentuaren eta “bianzhong” brontzezko kanpaien sistemaren hondarrak aurkitu dituzte indusketa lan batzuetan.

Txinatar arkeologo talde batek herrialde horretan inoiz topatutako musika-tresna zaharrenen hondarrak aurkitu ditu: 2.700 urteko hari-instrumentu bat eta kanpai batzuk dira.

Xinhua albiste agentzia ofizialak iragarri duenez, Zhou dinastiaren garaian edo Udaberri-Udazkenen Aroan (K.a. XI. eta V. mendeen artean) eraikitako hilobi batzuetan aurkitu dituzte hondarrok, Hubei probintzian, herrialdearen erdialdean.

“Se” izenekoa da tresnetako bat, 25 hariko instrumentua, eta bestea brontzezko musika kanpaien egitura bat, “bianzhong” izenekoa.

Zaharraren zaharrez, nahiko hondatuta daude; izan ere, lapurreta egin zuten lehenago hilobiotan.

“Se” horren heldulekuaren erdia soilik aurkitu dute, baina ondo argi ikus daitezke harietarako zulotxoak bertan. “Bianzhong” izenekoari dagokionez, 4,7 metro luze da, eta kanpaien zazpi oinarritan dragoi eta fenix irudi apaingarriak ikusi dituzte.

Inoiz aurkitutako “bianzhong” handiena dela esan du Fan Qin Hubeiko Arkeologia Institutuko arduradunak.