Itxi

kultura

Danbolinzulo haitzuloa

18.000 urteko labar-irudiak aurkitu dituzte Zestoan

Erredakzioa

Paleolito garaiko labar-artea gordetzen duen haitzulo berri bat aurkitu dute Zestoan: pigmentu gorriko arrastoak eta ustezko animalia irudiak ikus daitezke.

Danbolinzulo haitzuloan, Zestoan, gutxienez 18.000 urte dituzten labar-irudiak aurkitu dituzte. “Euskal Herria sinbolismoaren eta artearen jatorria ikertzeko eta Goi Paleolitoan gizakiaren mugikortasuna eta interakzioa ulertzeko” funtsezko aurkikuntzatzat aurkeztu dute albistea.

Gipuzkoako Foru Aldundiak azaldu duenez, Danbolinzuloko barrunbe txikia ezaguna da inguruan 1980. urteaz geroztik, Antxieta Jakintza Taldeak bertatik historiaurreko zenbait material zeramiko berreskuratu zuenetik.

2014ko abenduaren 14an, talde horretako kide batzuek (Jose Inaxio Arrieta, Jabier Lazkano, Iñigo Olarte, Javier Maiz, Iñigo Aritzaga, Andres Maiz eta Xabier Azkoitia) pigmentu gorriko arrastoak eta ustezko animalia irudiak ikus zitezkeen panel bat aurkitu zuten.

Aurkikuntzaren berri eman ondoren, Aldundiak barrunbea itxi zuen, etorkizunean ondo zainduta egoteko eta aztertu ahal izateko beharrezkoak diren babes-neurriak ezartzearren.

Eduki arkeologikoa

Jakintza zientifikoak bi esparru hartzen ditu: lurrazaleko material arkeologikoak eta labar-artea. Lehenengoei dagokienez, zeramika arrasto gutxi batzuen berri bakarrik dugu, eta horiek erakusten dute Brontze Aroan gizakia inguru horretan ibili zela.

Bestalde, barrunbeko labar-arteari dagokionez, gutxienez bost animalia irudi atzeman dira (orein emea eta ahuntza), eta horiei beste hiru gehitu behar zaizkie, seguruenik, baina egoera kaxkarrean daude horiek oraingoz, ondo antzemateko.

Irudi guztiak gorriz eginak daude (burdin oxidoz), eta horietako batzuetan puntuzko trazatua antzeman daiteke (hatzarekin edo tanpoi batekin egindako puntu txikiak). Gehienak trazatu laburrez egindako irudiak dira, ingerada mugatzeari garrantzia emanez; alabaina, irudi horietako batean (orein emea) barrualde guztia kolore gorriz beteta agertzen da (tinta laua).

Garrantzi zientifikoa

Trazatu gorriak, irudien barrualde batzuk beteta egoteak, klima hotzeko animaliak ez agertzeak eta anatomiaren trazatu laburrak erabiltzeak beste horma-irudi multzo batzuekin lotzen ditu Danbolinzuloko irudiak, hala nola Arenaza, La Haza, Covalanas, Arco B, El Castillo, La Pasiega, Llonin eta Tito Bustillokoekin.

Ikerketen arabera, irudi horiek Paleolito garaiko labar-artearen bilakaeraren antzinako fase batekoak dira. Azterketa zehatzagorik egin gabe ere egiazta daiteke margo horiek duela 18.000 urte baino lehenagokoak direla, duela 33.000 urtekoak agian.