Itxi

kultura

‘Poder freak’

Jaime Gonzalo: 'Ez dago kontrakulturarik boteretik salbu'

Natxo Velez | eitb.eus

Jaime Gonzalo idazle eta kazetariak (Bilbo, 1957) XX. mendearen bigarren erdialdeko hainbat adierazpen kontrakultural aztertu ditu ‘Poder freak’ amaitutzat eman berri duen trilogian.

Beat belaunaldia, hipster-ak, hells angel-ak, AEBko greaser-ak, espainiar kinkiak, hippy-ak, sektak, mugimendu iraultzaileak, fanzine-ak, Ibiza, rocka… Jaime Gonzalok hainbat mugimendu inkonformistaren, beste era batera bizitzeko saiakera batzuen, errepaso eta analisi sakona egin du Poder freak Libros Crudos argitaletxeak kaleratu duen trilogian.

Trilogia sei urteko lanaren emaitza da, eta hirugarren liburu honek jarri dio azkena. Bertan, ohiko idealizazioetatik eta nostalgiatik nahita ihesi, Gonzalok "gizartearen nerabezaroa" deitu dionari, kontrakultura han-hor-hemen ugari loratu zen garaiari, begiratu dio, eta orduan eta harrezkero izandako zenbait talka hartu ditu hizpide hari horretatik tiraka: ideologia iraultzaileak kapitalarekin bekoz beko jarri ditu, esaterako, baita kontzientzia iraultzaile edo libertatzaileak nerabeen idoloen merkantilismoaren aurrean ere.

Bilbotar idazleak gizarte proiektu alternatiboetan jarri du fokua, eta analisi horretatik denetariko irakatsiak atera dira, nola asaldatzaileak hala etsigarriak

Kazetari, musika kritikari eta ekoizlearekin (Ruta 66 aldizkaria sortu zuen, Rockdelux eta Popular 1 hedabideetan kolaboratu du, eta, besteak beste, Cancer Moon taldearen lanak ekoitzi zituen) egon gara, Poder freak trilogiaz, kontrakulturaz eta botereaz hitz egiteko.

Ba al dago mundua nabarmen aldatu duen mugimendu kontrakultural edo alternatiborik?

Lehenik eta behin, "kontrakultural" hori zer den zehaztu beharko genuke. Luditentzat, industrializazioa mugimendu kontrakulturala izan zen, langileria makina bihurtu arte programatu zuen kultura ezbaian jarri baitzuen eta ordura arte ezagutzen zuten mundua nabarmen aldatu baitzuen. Eta okerrera aldatu zuen, beraien ustez, langileak ordezkagarri edo, are gehiago, baztergarri bihurtu baitzituen.

Nire ustez, ikuspegi horretatik, kapitalismoa izan da benetako mugimendu kontrakultural bakarra; izan ere, horrek bakarrik lortu du gizakiak kontsumo unitatetzat aurkeztu eta kultura ugari desagerraraztea. Kultura horien ordez, berorien simulazioak sortu ditu kapitalismoak, helburu bakarra, produktibitate kultural edo humanistikoa barik, produktibitate ekonomikoa dutena.

Nola asimilatzen ditu botereak mugimendu kontrakulturalak? Nola erabiltzen ditu? Talde kulturalek beren burua ‘saldu’ egiten dute edo ‘erosi’ egiten ditu makrobotereak?

Kultura ‘gauza’ bilakatzen den unetik, merkantzia eta industria bihurtzen denetik, ez dago inongo kultura edo kontrakulturarik unean uneko boteretik salbu, egitura bereko parte baitira eta beharrizan berberak asetzen baitituzte. Salneurri bat jarrita erabiltzen ditu, modu naturalean bereganatzen ditu.

Salerostea giza kulturaren oinarria da, eta Botereak, autoritatea justifikatze aldera sistemaren etsaiak sortzen dituen bezala, beste arlo batzuetan ere nemesiak sortu edo beretzat hartzen ditu: kultura, erlijioa, morala, sexualitatea, etab.

Dirudienez, ekonomia bera da salgai eta erosgai ez dagoen gauza bakarra, bizitza bera bezala, bizitza bera baldintzatzen duen indar goren eta apelaezina baita horrena, klimak naturan eta erlijioak espirituan egiten duten moduan.

Kontrakulturek edo horien irudikapenek, kontsumorako merkantzia asko emateaz gain, ez al dute behintzat pentsamendua aktibatzen? Ez al dute aldatu nahiak bultzatutako ezinegona sortzen?

Hori da! Nik kultur adierazpenez hitz egingo nuke, kultura hutsaz baino gehiago. Antzezpen handi batean bizi gara, bizitzaren komedian, eta horrek dakarren nahasmendu edo eromenak duda-muda handiagoak gehitzen dizkio zalantza nagusiari, zalantza existentzialari.

Zentzu horretan, bai: kulturak eta, hartara, horren kontrakulturak, metakulturak eta azpikulturak ezinegona sortzen dute, eta horrek batzuetan erantzutea eta beste batzuetan men egitea dakar.

Aldaketarako txera hori ez dagokio kontrakulturari bakarrik. Gizateriak etengabe aldatu beharra du, eta horretatik irakatsi bakarra atera dugu orain arte: gure sorreratik ez dela ezer aldatu, eta, egin badu, dena zegoen bezala uzteko aldatu dela ikusteak sortzen duen frustrazioa erreprimitzen bakarrik ikasi dugu… Lampedusara edo gure Trantsiziora begiratzea besterik ez dago, eta Podemosekin ere ikusiko dugu, seguru asko, berandu baino lehen.

Poder freak liburua

Rock musikari lotutako askatasunaren mistika bizirik dago oraindik, baina Johnny Ramonek, esaterako, bere helburu bakarra milioi bat dolar irabaztea zela esaten zuen… Zein da, egun, rockaren zeregina? Badu biderik egiteko?

Askatasuna kontzeptu alferrikako eta faltsua da. Urteetan aurrera egin ahala, gure patua gatibu izatea dela ikasten dugu; bizitzaren, planetaren, sistemaren, besteen, geure buruaren… gatibu. Ezin dut imajinatu Johnny Ramone bezalako pertsona bat beretzako etekina ateratzea ez den beste helburu baten atzetik. Hori da gure kultura, eta, ondorioz, baita gure kontrakultura ere.

Lehen errazagoa zen beste helburu batzuk izatea, edo milioi bat dolarreko azenarioaren bila korrika ibili gabe bizitzen saiatzea. Orain ezinezkoa dirudi horri ihes egiteak. Aldaketa arin batzuk gorabehera, rockak betiko zeregina du gaur egun ere: asegabetasun materialak eragindako frustrazioak ustiatu eta elikatzea, irrealtasun bat islatzea, denbora hutsak betetzea, publikoaren egoari ziria sartzea eta horren inguruan sortu den industria mantentzea. Are gehiago: esango nuke gaur egun azken hori dela soilik rockaren zeregina.

Bi bide bakarrik zabaltzen ditu: nerabezaroan, deskubritzen dugunean, engainua ospatzea; eta engainu horri eusten jarraitzea hazten goazen heinean, desberdin egiten gaituela sinetsita, helduaroan, egia esan, patetikoago eta arruntago bihurtzen lagundu besterik egiten ez badu ere. Hazteko aukera ukatu diote rockari, eta horrek eragin du patetismo eta arrunkeria hori.

Gizartean edo gero eta barreiatuago dauden komunitateetan aldaketaren bat egiterik badago oraindik, edo galtzeko gehiegi daukagula pentsarazi digute?

Gizartea aldatu baino lehenago, gizon-emakumeon izaera aldatu beharko genuke. Uste dut ez dagoela hori egiterik. Urtaroen ordena aldatu nahi izatea bezalako zerbait izango zen. Nola lortu mundu guztia, maila pribatu eta kolektiboan, hurkoari kalte egin beharrean hari laguntzen, bere burua gobernatzeko bezain arduratsua izatea?

Estatua minbizi bat da. Pertsonek bizitza antolatzeko eta, kasu askotan, zapuzteko behar duten artean, norbanakook minbizi horrek eragindako tumoreak izaten jarraituko dugu.

Badago baikortasunerako zirrikiturik?

Baikortasuna errealitatea ukatzeko modu bat da, gauzak txarto daudela edo diren bezalakoak direla ez onartzeko baliabide bat. Kontzeptu horrek fedea eta esperantza dakarzkit gogora. Oso kristaua da. Hain zuzen ere, agintariek fedea eta esperantza eskatzen dizkiete herritarrei krisitik krisira gertatzen den horri, bizitzari, aurre egiteko, eurak ondo baino hobeto bizi diren bitartean.

Ni 1973tik, lehen "krisi" ekonomiko modernoa izan zenetik, bizi naiz krisian. Leibnizen baikortasunaren aldean, nahiago dut Voltaireren ezkortasunari heldu. Voltaireren esakunea aplikatzen diot neure bizitzari: "Il faut cultiver notre jardin".

Mundua ez da inoiz berez aldatu eta ez du egingo, eta guk aldatzeak ezinezkoa dirudi. Horrenbestez, nire ustez, jarrerarik egokiena nor bere barne-lorategian erbesteratzea da, nork bere ingurua mugatzea, ahal den neurrian kanpokoei bertan sartzen utzi gabe, eta maitasunez zaintzea, bizitza oparoa ez baina jasangarriago egiteko.

rriago egiteko.