Itxi

kultura

Akordioa

Euskal kulturaren kontsumoa sustatuko dute Jaurlaritzak eta EiTBk

Erredakzioa

Kultura Sailak 400.000 euro bideratuko ditu 2015ean euskal kulturaren produkzioa zabaltzera, EiTB taldean emango diren iragarkien bidez.  

01:45

Cristina Uriarte sailburuak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailak kultur arloko profesionalekin eta EiTBrekin batera abian ipini duen plana aurkeztu du gaur goizez Bilbon. Euskal Herrian ekoizten den 'kulturaren agerikotasuna,  erakargarritasuna eta kontsumoa sustatzea' ditu helburu planak. Aurkezpenean partaide izan dira Joxean Muñoz Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordea, Edurne Ormazabal, EiTBren ordezkari, eta ekimenean parte hartzen duten elkarte profesionaletako ordezkariak, hala nola, Alberto Bocos Kultura Live-koa, Andres Fernandez, Liburu denda Elkarteen Federaziokoa, Amaia Ibañez Eskenakoa eta Alfonso Benegas EZAEkoa.

Elkarte hauek dira, nor bere sektorean, publikoarengandik hurbilen lanean ari direnak. Kontzertu aretoak, liburu dendak eta zinema aretoak hartzen dituzte, batez ere. Antzerkiaren kasuan berriz, Eskenarekin da elkarlana, antzerki ekoizleen elkartearekin. Eurak dira, azken finean, kultur produktua kontsumitzailearen esku ipintzen dutenak. Hori baita xedea: euskal kultur ekoizpenei merkatura eta publikoarengana iristen laguntzea.

Duela bi hilabete baino gehiago abiatu zen proiektuak, EiTBren bidezko komunikazio kanpaina batean du oinarria. Baina horri, pizgarri ekonomikoa duten unean uneko zenbait ekintza gehitzen zaizkio.

Kultura Sailak 400.000 euro bideratuko ditu 2015ean euskal kulturaren produkzioa zabaltzera, EiTB taldean emango diren iragarkien bidez. Horretarako,  200.000 euro bideratuko ditu Eusko Jaurlaritzak EiTB Flash Kultura tarteak ekoitzi, diseinatu eta emititzeko. Kopuru horri, ekimenean parte hartzen duen sektore bakoitzera bideratuko diren 50.000 euroak gehitu behar zaizkie.

EiTB Kultura Flash

EiTBn euskal kultur ekoizpena aurkezten duten iragarkiak zabalduko dira, ETB1en eta ETB2n, audientziarik handieneko ordutegian, EITB Kultura Flash izenarekin. Baina ez dira kulturaren aldeko mezu orokorrak, kultur lan edo produktu jakin batzuen iragarkiak baizik. Plan honekin, eta Eusko Jaurlaritzak EiTBrekin lotu dituen akordioen bidez, musika kontzertuek, antzerki emanaldiek, literatura argitalpen berriek, eta zinema estreinaldiek leku nabarmena dute EiTBren programazioan. Sektoreko elkarteek eurek aukeratzen dute tarte horietan erakutsi beharreko produktuak zeintzuk diren. Esperientzia hau aurki zabalduko da EiTB taldeko irratietara ere.

Iragarkiak astero berritu egiten dira. Honek, elkarte profesionalen eta EiTBren arteko koordinazio lan handia eskatzen du, eta beraz, proiektua eraginkorra da kultur eragileen eta telebista publikoaren arteko harreman hobea ezartzeko ere.

Hainbat kanpaina

Musika zuzenean eskaintzen duten aretoek 'Bihar Kontzertura!' kanpaina abiarazi dute hilabete hauetan, Kultura Live elkartearen koordinatzaile Alberto Bocosek azaldu duenez. Sortu berria den EZAE (Euskadiko Zine Aretoen Elkartea) elkartearen izenean berriz, Alfonso Benegasek 'Zinema Txartela' ekimena aurkeztu du: filmak deskontuekin ikusteko bonua, Ikuslearen leialtasuna helburu duena. Bost film ikusteko aukera emango du txartelak, Europako ekoizpenak edo euskarara itzulitako edozein film. Liburu Denden Federazioak Euskadin sortutako euskal literaturaren promozioaren aldeko apustua egiten du, euskaraz nahiz gaztelaniaz, Andres Fernandezek azaldu duenez. Eskenak, aldiz, publiko berria antzokietara erakartzeko proiektu bat garatu du, aurrerantzean garatuko dituzten formulen bidez.