Itxi

kultura

Aintzatespena

Miami Dade Collegek Presidentearen Domina emango dio Juan Mari Arzaki

Erredakzioa

Donostiar sukaldariak martxoaren 11n jasoko du saria, Miamin. Aurretik, besteak beste, Barack Obamak, Mikhail Gorbatxovek eta Lech Walesak jaso dute.

  • Joxe Mari Aizega, Juan Mari Arzak eta Eduardo Padrón Miami Dade Collegeko presidentea.

    Joxe Mari Aizega, Juan Mari Arzak eta Eduardo Padrón Miami Dade Collegeko presidentea.

Juan Mari Arzak sukaldariak Miami Dade Collegeren Presidentearen Domina jasoko du martxoaren 11n.

Maila handiko golardo hori jasoko du Euskal Sukaldaritza Berriaren, azken 15 urteetan gastronomian mundu mailan izan den iraultza abiatu zuen mugimenduaren, sustatzaileak. Arzakek Pedro Subijanarekin eta beste hamar sukaldarirekin batera sortu zuen sukaldaritza ulertu eta egiteko beste modu hau.

Aintzatespen zeremonia martxoaren 11n egingo dute Miamin, Floridan, bertako 19:00etatik aurrera.

Juan Mari Arzakek baino lehenago ospe handiko pertsona askok jaso dute AEBko unibertsitate horren saria: Lech Walesa, Mikhail Gorbatxov, Bill Clinton, Barack Obama, Madeleine Albright, Alvaro Uribe Kolonbiako presidente ohia…

Miami Dade College hiri horretako unibertsitate publikoa da, eta 160.000 ikaslek baino gehiagok ikasten dute bertan, zortzi campusetan. Floridako irakaskuntza erakunde handiena da, eta bigarrena, AEB osoan.

Joxe Mari Aizega Basque Culinary Centerreko buruak azaldu duenez, “golardoa aitorpen ikaragarria da Juan Mari Arzakentzat eta, oro har, euskal sukaldaritzarentzat. Munduan erreferente da euskal sukaldaritza, euskal sukaldarien elkarlanaren erakusgarri gisa”.

Basque Culinary Centerrek bultzatu du, Etxepare Institutuarekin batera, Arzaken hautagaitza.