Itxi

kultura

7.000 pertsona hilda

Nepalgo lurrikarak 150.000 liburu ere utzi ditu lurpean

Natxo Velez | eitb.eus

Lehen mailako ondorio lazgarri eta premiazkoez haraindi, Nepalen 7.000 pertsona hil dituen lurrikarak zeharkako ondorioak ere izan ditu; herrialdeko bi liburutegi nagusiak suntsitu ditu.

Nepalgo liburutegi handienetako bi, Katmanduko Kaiser eta Nepalgo Liburutegi Nazionala (Lalitpurren dago), erabat suntsitu ditu apirilaren 25ean herrialdea deuseztatu zuen lurrikarak; 7,9ko indarra hartu zuen Richterren eskalan lurraren inarrosaldi beldurgarriak.

Tragediari itzuri egin ahal izan ziotenek (9,5 milioi pertsonak laguntza humanitarioa behar dute), baina, ez dute liburuetan inolako erantzunik aurkituko. Inoiz ez dute liburu horietan irakurriko zergatik mugitu zen lurra apirilaren 25ean, zergatik zoritxarrak jotzen duen beti gogorrago munduaren beren aldean eta zergatik planetaren bestaldean ahanztura geruza batez estali ditugun orain lur arrakalatua osatzen duten hondarrak.

154.000 liburu

Katmanduko Kaiser liburutegia Gobernuak kudeatzen zuen; "zuen" noski, egituran kalte larriak jaso baititu, eta litekeena da eraikina berandu baino lehen jaustea. Zentroko zuzendariak (Janaki Karmacharya) eKantipur nepaldar albiste atariari azaldu dionez, "arazo latzak edukitzen ari gara liburuak hondarren artetik ateratzeko".

70.000 liburu inguru daude liburu gordetegian, horietako batzuk duela mende batzuetakoak. Horregatik, egunero batez beste 150 bisitari hartzen zituen zentroa beste norabait eramateko moduak aztertzen ari dira agintariak.

Nepalgo Liburutegi Nazionalaren egoera ere antzekoa da. Lalitpurren dago, hiriburutik gertu, 1957an sortu zuten zentroa, eta 84.000 ale hartu dituzte azpian bertan hondakin eta harri puskek.

Nepalgo Barne Ministerioak emandako azken datuen arabera, lurrikararen ondorioz 7.611 pertsona hil dira eta 14.500 zaurituta daude.

Kultur ondarea

Liburutegiak ez ezik, nepaldar herritarren ondarearen beste hainbat elementu suntsitu ditu lurrikarak: Basantapur Durbar Katmanduko plaza, UNESCOk Gizateriaren Ondaretzat zuena, harri piloa da egun, eta Dharahar dorreak eta Manakamana tenpluak ere ezin izan zioten orekari eutsi, zorigaiztoko apirilaren 25 hartan.

Katmandu (Nepal) edificio destruido terremoto lurrikara. EFE

610x342.jpg" />

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea