Itxi

kultura

Argazki Jaialdia

Getxophoto, bidaietan murgiltzeko prest

ERREDAKZIOA

Irailaren 3tik urriaren 4ra hartuko du Getxok argazki jaialdiaren 9. edizioa, 'Bidaiak' izenburupean. Aurten, ekitaldi berri ugarirekin dator.

1:31
Getxophoto

Datorren ostegunean, irailak 3, Getxophoto Nazioarteko Argazki Jaialdiaren bederatzigarren edizioa hasiko da, Begihandi elkarteak antolatuta. 'Bidaiak' izenburupean egingo da aurtengo jaialdia, eta urriaren 4an amaituko da.

Jarduera nagusiak lehenengo asteburuan bilduko dira, irailaren 3tik 6ra, eta 'Opening' izeneko inaugurazio ekitaldiarekin abiatuko da jaialdia. Christian Caujolle komisarioa, egile parte-hartzaileak eta ekitaldiari musika jarriko dioten Gari eta Jon Aguirrezabalaga (We Are Standard) musikariak egongo dira bertan.

20 egile konprometitu

Oraingo honetan, nazioarteko 20 egilek baino gehiagok bidaien inguruan duten ikuspuntua eskainiko dute, eta, beste urte batez, esparru publikoa erabiliko dute euren argazkiak erakusteko.

Christian Caujolle Getxophotoren komisarioaren arabera, hiru dira Nazioarteko Argazki Jaialdiaren ezaugarri nagusiak: jarduera artistiko bat egiteko esparru publikoaren erabilera, publikoarekin sortzen den elkarreragina eta erakusten diren joera anitzak.

Ereaga hondartzatik Algortako Portu Zaharreraino doan ibilbidean erakutsiko dira lan gehienak. Algortako goiko aldean, baina, erakusketa aretoetan eta eraikin publikoetan egongo dira ikusgai. Aurten egitarau "sendoa eta aberatsa" osatu dela aurreratu du Getxophotoren zuzendariak, Jokin Aspuruk.

Elena Coria Getxoko Udaleko zinegotziak adierazi duenez, "Udal Taldearen jarduteko ildo estrategikoekin guztiz bat dator Getxophoto. Getxoko jarduera kultural berriaren helburuetako bat krisialdiaren aurrean kultura garapenerako aukera bezala sendotzea da. Horretarako, ekarpen kulturalaren aldeko apustua egiten dugu, hala nola, Getxo markak duen erakargarritasuna eta jarduerak aurrera eramateko elkarlan publiko-pribatuaren aldekoa. Getxophoto Begihandi elkarte antolatzailearen eta Udalaren arteko kolaborazio arrakastatsuaren adibide garbia  da".