Itxi

kultura

Urriak 9 eta 10

Dantzaz konpainiak 'Aureo' estreinatuko du Arriaga Antzokian

eitb.eus

Nazioarte mailako bost koreograforen bost pieza laburrek osatutako ikuskizuna da. Urriaren 9 eta 10ean taularatuko dute estreinakoz, Bilboko antzokian.

Dantzaz konpainiak dantza garaikideko ikuskizun berria estreinatuko du urriaren 9 eta 10ean Bilbon, Arriaga Antzokian: “Aureo”. Mundu osoko konpainia garrantzitsuenekin aritu diren nazioarteko bost koreograforen bost sorkuntza lan berri jasotzen ditu ekoizpenak.

Itzik Galilik, Lukas Timulakek eta Jone San Martinek mundu mailako sona dute dantza garaikidearen barruan, eta euren piezak Arriagako arduradunen esanetan “indar eta adierazkortasun izugarria erakutsi duten bi koreografo berriren piezekin” konbinatzen dira ikuskizun honetan: Judith Argomaniz eta Christine Hassid.

Adriana Pous zuzendari artistikoa arduratu da, gainera, obrari osotasuna emateko ezinbesteko lanaz.

Publiko zabalak ere gozatzeko moduko lana

"Aureo"ren sortzaileek azaldu dutenez, proposamen horren balio nagusietakoa, nazioarteko puntako sortzaileen bermea ez ezik, irisgarritasuna ere bada, “ikus-entzule guztiengana hel daitezkeen proposamen eszenikoak” baitira, dantzan adituek zein dantza ikuskizun batera inoiz joan ez direnek gozatzeko modukoak.

Sarrerak

Sarrerak 6,50 eta 21 euro artean egongo dira salgai, ohiko bideetan: antzokiaren webgunean, 946 850 850 telefonoaren bitartez edo antzokiko txarteldegietan.