Itxi

kultura

Webseriei buruzko jaialdia

'Daemonium' eta 'Low Life', Bilbao Web Festeko irabazle nagusiak

eitb.eus

Euskal Web Award galak 22 sari banatu zituen sail ofizialean, eta beste 11 Amets izeneko sailean.

  • Daemonium, Bilbao Web Fest jaialdiko webserie irabazleetako bat

    Daemonium, Bilbao Web Fest jaialdiko webserie irabazleetako bat

Bilbao Web Fest  jaialdiko lehendabiziko edizioa bart gauean bukatu zen Bilboko Guggenheim Museoko auditoriumean egin zen sari-banaketan. Bertan Daemonium eta Low Life izan ziren garaile nagusienak, biek ere bi sari eraman baitzituzten. Dena dela, palmaresa oso banatuta egon zen. Euskal Web Award galak 22 sari banatu zituen guztira sail ofizialean eta beste 11 Amets izeneko sailean.

Bilbao Web Fest webserien inguruan Euskadin egiten den lehen jaialdia da (urriak 14, 15 eta 16). Guztira 100 ekoizpen lehiatu dira (40 sail ofizialean eta 60 Amets sailean), 23 herrialde desberdinetatik etorritakoak. Estatuan egiten den nazioarteko izaera nabarmenena duena da.

Daemonium zientzia-fikziozko zinta argentinarra izan zen garaile nagusiena bart gauean, sail ofizialeko bi golardo eskuratu baitzituen: Zuzendari Onenari (Pablo Parés) eta Efektu Berezi Onenari. Webserie Onenaren saria Burning Whishes irlandarrak poltsikoratu zuen, eta Low Life koprodukzioarentzat beste bi sari izan ziren: Drama Onena eta Zuzendari Onena (Henry Nixon).

Estatuan egindako lanek bere tartea izan zuten sail ofizialean. Libres komediak (Madril) Bigarren Mailako Aktorearen saria jaso zuen (Juanjo Artero); Valentziako Desenterrats zintarentzat, aldiz, Ekoizpen Onenaren saria izan zen.

Amets sailari dagokionez, Sissara italiarrak lortu zuen Webserie Onenaren saria eta Draw-k, berriz, (Argentina/Erresuma Batua) Zuzendari Onenarena. Juan Flahn zuzendari bilbotarraren Fantasmagórica (Euskadi) lana izan zen Zinematografia Onenaren golardoa erdietsi zuena; hori izan zen euskal sorkuntzari aitortu zaion lehendabiziko saria. Horrez gain, epaimahaik hiru aipamen berezi egin zituen honako webserie hauei, Giza Eskubideen alde egindako lanarengatik: Mírame cuando te hablo (zeinu-hizkuntzan grabatutakoa) Getting Down eta Save Me.