Itxi

kultura

Arkeologia

Arabar espedizio batek inken santutegi bat aurkitu du Perun

Efe

Adituen arabera, inkek zeremonietarako erabili ei zuten gunea aurkitu izanak “iraultza” ekar lezake esparru horretara.

1:25

Euskal espedizio batek inken mendi sakratu bat aurkitu du Perun. Herri horren eta, oro har, gizateriaren historiari buruzko datu berri asko jakiteko balio lezake aurkikuntza horrek, adituek azterketen berri izandakoan adierazi dutenez.

Carmen Martin Rubio historialari eta Andeetako herrietan adituaren esanetan, arkeologia esplorazioek argitu dituzten hipotesiak berretsiz gero zeremoniak egiteko gunearen aurkikuntzak “iraultza” ekar lezake.

“Oso garrantzitsua da gizateriaren historiarentzat; izan ere, inken berri apenas heldu den gaur egunera arte, nahiz eta erromatarrek edo beste edozein herrik baino azalera handiagoa hartu zuten bere garaian”, Martin Rubiok esan duenez.

Mars Gaming Expedition

Mars Gamin Expedition arabar taldeko zazpi kideei zor zaie aurkikundea: irailean, Peruko Andeetan zehar ibili ziren, behinolako gizarteen aztarnen bila, inongo erakunderen babesik gabe.

Bidaia ez da erraza izan, batez ere Apurimac ibaiaren ertzetan, Sendero Luminosok presentzia oso handia baitu bertan, eta “etsaikeria eta giro paranoikoa” aurkitu zuten espedizioko kideek.

Handik irtendakoan, nolanahi ere, inken nekropoli bat aurkitu zuten, baita, apur bat aurrerago, Vilcabamba mendien mendebaldeko aurpegian, inkek zeremoniak egiteko erabili ei zuten inguru bat, 5.000 metroko garaieran. Hilobiak, erlikiak, errepideak eskailerak eta harmailak aurkitu zituzten bertan.