Itxi

kultura

Kultura hiriburutza

Donostia 2016k programazio osoa iragarriko du ostiralean

Agentziak | Erredakzioa

Ostiralean, hilak 30, programazioa osatuko duten ehun ekitaldi baino gehiago aurkeztuko dituzte, Tabakaleran. Larunbatean, 104 orriko publikazioa zabalduko dute hiriko hiru puntutan.

Donostia 2016k ehun ekintza baino gehiago antolatu ditu Europako Kultur Hiriburu izango den urterako, eta datorren ostiralean, hilak 30, aurkeztuko ditu, Tabakaleran. Gainera, azaro eta martxo artean hainbat hiritan aurkeztuko du egitaraua: Londres, Berlin, Bruselas, Bordele…

Joan den apirilean hainbat ekimen iragarri eta gero, Kultur Hiriburutzaren arduradunak bidelagun izan dituzten pertsona, elkarte eta erakundeekin bilduko dira, “bizikidetza eta kultur ekimenaren eredu” izan nahi duen proiektuaren programazio osoa aurkezteko.

Larunbatean, hilak 31, Donostia 2016k 104 orriko publikazioa banatuko du hiriburuko kaleetan (Konstituzio plaza, Egiako tunela eta Jose Maria Sert plaza), herritarrek, euskaraz eta erdaraz, programazio osoa kontsulta ahal dezaten. Hiriburutzaren webgunean ere egongo da ekitaldi zerrenda, kontsultagai.

DSS2016k orain arte erabili dituen epeak Europako Kultur Hiriburu izan diren beste hiri batzuek erabilitakoen antzekoak izan dira, Pablo Berastegui proiektuaren zuzendari nagusiak esan duenez. Halaber, ostiraleko ekitaldian proiektuarekin bat egingo duten hainbat babesle ere izango direla esan du.

Nazioartean ezagutarazi

Nazioarteko agenda azaroaren 3an zabalduko dute DSS2016ko antolatzaileek, World Travel Market turismo azokan, eta beste turismo azoka batean itxiko dute, Berlinen, ITB martxoaren 9tik 13ra egingo dute topagunean.

Halaber, Madril, Bartzelona, Bordele eta Bruselara ere joango dira hiriburutzaren arduradunak proiektua azaltzera.