Itxi

kultura

DSS2016

Donostia 2016k programazio osoa aurkeztu du

Natxo Velez | eitb.eus

Europako Kultur Hiriburutzak bizikidetza eta herritarren parte-hartzea bultzatuko dituzten makina bat jarduera garatuko ditu urte osoan, 2016ko urtarrilaren 20tik aurrera.

Duela bost urte pasatxotik, 2011ko ekainaren 28an hautaketa prozesua burutu zutenetik, hitzetik hortzera ibili da Donostia 2016, gehienbat, salbuespenak salbuespen, egitasmo gisa, ideien munduarekin lotutako maila batean, baina, gaurdanik, 2016. urtea abiatzeko bi hilabete falta direla, bene-benetako errealitate zehatza da Europako Kultur Hiriburutza.

Kulturak elkarbizitza hobetzeko duen balioa azpimarratzea helburu duen programazioa aletu dute arduradunek, betiere herritarrek, ikuskizunari so egon ez ezik, parte hartzea ere bilatuta. Arteak eta kulturak herritarrak elkartzeko, gizon-emakume askeago eta humanistagoak egiteko, tresna gisa duten balioan sakondu, eta gerora, 2016ko abenduaren 31z haraindi, arrastoa utzi nahi du Donostia 2016 proiektuak.

Horretarako, urtarrilaren 20an, inoizko danborradarik europarrenarekin (Polonian, Wroclawn, 2016ko Europako kultur hiriburu izango den beste hirian, oihartzuna izango dute danbor hotsek) hasiko diren ekitaldiek (102 jarduera eta 500 ekitaldi izango dira) ez dute etenik izango abenduaren 31ra arte: musika, erakusketak, proiekzioak, kontzertuak, gastronomia ekitaldiak, interbentzioak, arte plastikoak, literatura, antzezlanak? Ezin konta ahala hitzordu izango dira Donostian eta beste hainbat herri eta hiritan.

Programazioa

Hilaren 19 gaueko danbor hotsek bost eguneko hasiera ospakizunak abiatuko dituzte: egitarau oparoa zabalduko dute hilaren 20tik 24ra, hiriko sortzaileen lanak erabiliz. Gainera, urtarrilaren 23an inaugurazio ekitaldi nagusia egingo dute; Hansel Cerezak diseinatu du, eta ekintzaren erdigunea herritarrak izango direla aurreratu dute.

Donostia 2016

Egun horretan bertan abiatuko da Music Box Festibala Corizonasek eta Bullet Proof Loversek Bilbo plazan emango duten kontzertuarekin. Musika emanaldirik hartu ohi ez duten tokietara Thindesticksen, The Coupen, Belakoren eta beste hamaika talderen kontzertuak eramango ditu ekimen honek urte osoan zehar.

Otsailean ere, beste hamaika ekitaldi izango dira, hala nola hamabi zopa dastatuz Historiaurretik gaur egungo gizarterako bidaia egiteko aukera eta ?Ederra eta piztia? Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren eta Malandain Biarritzeko balletaren arteko elkarlanaren fruitua.

Martxorako, halaber, ?Altzoko Haundia? txotxongiloen, operaren eta musikaren bidez XIX. mende erdialdean Europa osoan ospetsu egin zen donostiar erraldoiaren istorioa kontatzen duen ikuskizuna prestatu dute, baita ?Prime Time? ikus-entzule gehieneko ordutegirako kalitatezko produktuak asmatzeko ekimenaren irabazlearen saio pilotuaren estreinaldia eta Stop War bakearen eta elkarbizitzaren aldeko musika jaialdia ere; artista ospetsuak eta bertoko musikariak uztartuko ditu azken horrek, martxoaren 25etik 27ra.

Apirilean, gastronomia ere agertuko da berriz aukeren zerrendan. ?On appétit!? ekimenari esker, esaterako, euskal sukaldariek beren sukaldeetako ateak irekiko dizkiete atzerriko sukaldari gonbidatuei.

Maiatzean, bestalde, hiriko zubiak Wroclaw, Dublin eta Ljubljanako kultur jardueren errepikak izango dira, eta hilaren 1ean ?Hey Joe? Jimi Hendrixen kantua jotzen sekula baino gitarrista gehiago biltzeko saiakera egingo dute, Guinness errekorra lortzeko. Gainera, Emusik Musika Eskolen Europako Jaialdiaren egoitza ere izango da hiria hil horretan, maiatzaren 3tik 7ra, World Puppet Festival txotxongiloen munduko jaialdia egingo dute maiatzaren 8tik ekainaren 5era, eta maiatzaren 27an lau abesbatza gaztek Ez Dok Amairu taldearen kantuak biziberrituko dituzte.

Maiatzetik aurrera, halaber, Bake-ituna nazioarteko proiektua aurkeztuko dute San Telmo museoak eta Koldo Mitxelena Kulturuneak: historiaren, kulturaren eta zuzenbidearen historian bakeak izandako errepresentazioak biltzen ditu, 21 museotatik ekarritako 300 artelanen bidez. Artista handien lanak erakutsiko dira: Goya, Rubens, Zurbaran, Picasso, Ribera?

Udan, ekainaren 21etik 24ra, Cristina Enea parkeko eremu naturalean, ?Uda-gau bateko ametsa? Shakespeareren lanaren emanaldiak ikusi ahalko dira, idazlearen heriotzaren 400. urteurrena ekarriko duen urtean hain zuzen ere; uztailaren 9tik 16ra Europa Bat-batean Europako inprobisatzaileen topaketa izango da; eta irailean, Urnietako herritarrek ?Gabon, Txirrita? ikuskizuna antzeztuko dute, horretarako Atxagak gaurkotutako Xabier Leteren testu bat erabilita.

buruhandia donostia 2016

Iraila zinemari lotutako hilabetea izaten da Gipuzkoako hiriburuan, eta 2016an ez da bestela izango: Zinema Ikasleen Nazioarteko Topaketa hartuko du hiriak, eta ?Kalebegiak? film luzea estreinatuko dute. Hamabost zinemagilek (Asier Altuna, Telmo Esnal, Daniel Calparsoro, Borja Cobeaga, Julio Medem, Imanol Uribe?) Donostia ardatz hartuta sortutako film laburrek osatuko dute pelikula hori.

Halaber, Donostiak Europako Hizkuntza Aniztasunaren Goi Bilera ere hartuko du abenduaren 8tik 10era. Hain zuzen ere, Espainiako Kultura Ministerioak salaketa bat jarri zuen biltzar honen aurrean, eta antolakuntza lanetan Kontseiluari ez ezik beste erakunde batzuei ere tokia egitea eskatu zuen berori kentzeko.

Aurrekontua

Guztira, 48.772.012 euroko aurrekontua izango du Kultur Hiriburutzak. Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Donostiako Udalak hamabina milioi euro jarriko dituzte, eta Espainiako Kultura Ministerioak lau milioi eta erdi euro. Babesle pribatuek lau milioi euroko ekarpena egingo dute, aurrekontu horren arabera.