Itxi

kultura

ANTON ABBADIA SARIA 2015

Amonarriz: 'Euskararen aldeko lanean sakontzeko akuilu bat da saria'

Idoia Aberdi | EITB.EUS

'Saria euskararentzat oso inportantea den unean iritsi da. Bidegurutze batean gaude. Euskararen inertziak astindu behar ditugu, eta normalizazio prozesua indarberritu', esan du tolosarrak.

1:14

Kike Amonarriz (Tolosa, 1961) soziolinguista eta ETBko aurkezle ezagunak jasoko du Anton Abbadia 2015 saria, "euskara mezu baikorrekin, umorearekin eta imajinazioarekin lotuz ekarpen izugarria egin diolako hizkuntzaren bizitasun eta aberastasunari". Gipuzkoako Foru Aldundiak bi urtean behin ematen du saria, euskararen normalkuntzaren alde ari diren pertsonen eta elkarteen lana aitortzeko.

"Poz eta erantzukizun handiz" hartuko du saria Amonarrizek. Horren hitzetan, "aitortza bat da, eta akuilu bat ere bai, azken urteotan egiten ari naizen honetan sakontzeko".

Saria une berezi batean iritsi zaiola esan du soziolinguistak, euskara "bidegurutze" batean dagoela uste baitu. "Saria euskararentzat oso inportantea den unean iritsi dela iruditzen zait. Bidegurutze batean gaude. Euskararen inertziak astindu behar ditugu, eta normalizazio prozesua indarberritu. Sentitu dut egindakoa iritsi dela, onartua izan dela, eragina izan duela. Une honetan sariak erakusten du hizkuntzaren normalizazio prozesua indarberritu behar dugula eta indarrak horretara bideratzen asmatu behar dugula", nabarmendu du.

Saria emateko ekitaldia datorren asteartean, Euskararen Nazioarteko Egunaren bezperan, izango da, Aldundiaren Iargi aretoan, eta Iago Rey de la Fuente eskultorearen artelan bat jasoko du Amonarrizek bertan.

Arantxa Urretabizkaiak, Jone Miren Hernandezek, Iban Arantzabalek, Maite Artolak eta Arantxa Diez de Ilarrazak osatu dute aurten epaimahaia, eta bi arrazoi eman dituzte tolosarra hautatzeko: "Batetik, soziolinguista gisa egindako lanen eta idatzitako artikuluen sendotasunagatik, eta, bestetik, telebistan euskara modu gozagarrian eta interesgarrian erakutsi duten saio ezberdinekin izan duen arrakastagatik".