Itxi

kultura

'Olentzero Munduan'

Olentzeroren zakuko zuloak ilusioz josten

Natxo Velez | eitb.eus

Iñigo Iraultza “Iru” aktore getxoztarrak dokumental batean batu ditu Olentzero Munduan proiektuaren bidez bizitakoak; gurean bizi diren atzerritarren nahiak gauzatzen jardun da Iru han-hor-hemen.

Elezahar eta kondairetan, haizeak beti jotzen du alde: amama otso gaiztoaren sabeletik ateratzen da eta ahate itsusia antzara zuri bilakatzen da, beti.

Errealitatea, aldiz, krudel eta setati, ipuinak eta bizitzeko borroka bat ez direla erakusten saiatzen da temati: gure kale eta hirietan, hirugarren txerritxoaren kasuan ez bezala, bankuen eta zorren putzek etxeak eraisten dituzte, putz eta putz, nahiz eta adreilu madarikatuz eraikitakoak izan, eta nekez egoten da irentsi zaituen otsoaren sabeletik onik ateratzerik...

Olentzero ere ez da beti garaiz iristen ilusioarekiko hitzordura. Batzuetan, hil bukaeran ez da umeei itxaropen apur bat erosteko diru nahikorik ere egoten etxe zenbaitetan, Bilbon zein Manilan, Lekornen zein Tindufen. Beste batzuetan, miseriatik ihesi jaioterritik irten eta egoera atertu arte gurean babesa hartu duten gizon-emakumeek ez dute pertsona maitatua bertatik bertara izaten, eta ezin izaten diote, hortaz, oparirik eman.

Bilboko auzo batean Olentzerorena egiten aritu zenean konturatu zen horretaz Iñigo Iraultza ?Iru? aktore getxoztarra: ?Umeen gutunak batzen-eta aritu nintzen, eta ikusi nuen ume etorkin askok jaioterrian utzitako senideentzako opariak eskatzen zituztela. Hari horretatik tiraka, Olentzeroren bilobaren pertsonaia asmatu, eta Euskal Herrian bizi diren haur horien senitartekoak bisitatzeari ekin nion mundu zabalean, opariok helarazteko?.

Esan eta egin: Iru Senegalen, Marokon, Tindufeko errefuxiatu eremuetan, Mexikon, Guatemalan, Hondurasen, Nikaraguan eta Filipinetan barrena ibili da dagoeneko, duela bost urte proiektua abiatu zuenetik, ?baliabideen eskasia gogo eta ilusioarekin ordezkatuz?. Olentzero jantzita, Euskal Herrira etorritako umeen opariak jaioterrian utzitako adiskide eta senideei helarazten dizkie. ?Ez daukate zertan gauza materialak izan, gutunak eta bideo-mezuak dira asko?, Iruk azaldu digunez.

Olentzero Munduan Iñigo Iraultza Iru Fernando Elvira

Argazkia: Fernando Elvira

Orain, ?Olentzero Munduan. Arraun the World? dokumentalean bildu ditu Iruk zorionaren kontrabandista gisa bizitakoak. Abenduaren 22an egingo dute aurrestreinaldia, 19:00etan, Andres Isasi Areetako (Getxo) musika eskolan. Gonbidapenak ordubete lehenagotik hartu ahal izango dira, bertan.

Dokumentalaren proiektuan, Iruk Markel Redondo Urruñan bizi den leioaztar argazkilaria, Iñigo Grijalba Zabaloetxe babes etxean afrikar herrialdeetako adingabeekin lan egiten duen psikologoa eta Mikel Ramirez zinemagilea izan ditu aldamenean.

Diruaren diktadurak askatutako maitasun eta adiskidetasun lokarriak lotzen, errealitateak Olentzeroren zaku oparoan zabaldutako zuloetan adabakiak josten, eginiko bidea pantailaratu du orain ?Olentzero Munduan. Arraun the World? lanean Olentzeroren bilobak, Iruk.

Iñigo Iraultza Iru Olentzero Munduan Markel Redondo
Argazkia: Markel Redondo