Itxi

kultura

Lapurreta

Elorrioko Argiñeta nekropoliko hilarri bat lapurtu dute

EITB.EUS

Ebatsitakoa erreplika bat da. Elorrioko Udalak lapurreta gaitzetsi du, eta salaketa jarri du epaitegian.

  • Lapurreta Elorrioko Argiñeta nekropolian. Argazkia: Elorrioko Udala

    Lapurtutako piezaren hutsunea ikusgai da Argiñetan. Argazkia: Elorrioko Udala

Elorrioko (Bizkaia) Argiñeta nekropoliko hilarri bat falta da asteburutik. Udalaren arabera, EAEko hileta-monumentuen artean garrantzitsuenetakoa den eremu horretatik pieza bat lapurtu dute. Zorionez, ebatsitakoa erreplika da, originalak Bizkaiko Foru Aldundiaren esku baitaude 1989tik, horien kontserbazioa bermatze aldera.

Elorrioko Udaltzaingoak eitb.eus-i jakinarazi dionez, Zenita auzoko mendi inguruan paseoan zebilen bizilagun batek ohartarazi zien hutsuneaz. Bertaratu zirenean, San Adrian baselizaren kanpoaldean dauden bost hilarrietatik bat falta zela egiaztatu zuten udaltzainek.

Gertatutakoa argitze aldera, Elorrioko Udalak salaketa jarri du, eta Udaltzaingoak ikerketa abiatu du, iturrion arabera. Aurretik ez da inoiz halakorik gertatu.

Idoia Buruaga Elorrioko alkateak ohar batean salatu duenez, lapurtutakoa erreplika bada ere, "Elorriko eta Durangaldeko guztion aurkako lapurreta da". Horren esanetan, Argiñeta nekropolia "Elorrion eta Bizkaia osoan dugun altxor nagusienetarikoa da, beraz, guztion ardura da hura ondo zaintzea".

Eusko Jaurlaritzak kultur ondare izendatu zuen Elorrioko Argiñeta nekropolia. Bizkaiko Erdi Aroko aztarnategirik garrantzitsuenetariko bat da, Goi Erdi Aroko Bizkaiko lehenengo ordenazioaren probak baitaude bertan, eta Bizkaiko gune kristauen presentziaren lekukotasun idatzi zaharrenak. Azken urte hauetan, indusketa lan berriak egin dira baselizaren inguruan, eta, lehen azterketen arabera, bertan aurkitu dituzten elementuak VI. mendekoak izan daitezke.