Itxi

kultura

Elkarrizketa

'Bertsolaritza, norgehiagoka baino gehiago, zergehiagoka da'

Natxo Velez | eitb.eus

Alaia Martin bertsolariak “Letrak eta futbola” Athletic Club Fundazioak antolatutako jardunaldietan parte hartuko du ostiralean, hilak 11, “Futbola (kulturaren) harmailetatik” solasaldian.

Futbola (ateorik gabeko erlijio bakarra, Galeanoren arabera) eta literatura (egiarako espedizio etengabea, Kafkaren hitzetan) harremanetan jartzea da “Letrak eta futbola” Athletic Club Fundazioak aurten zazpigarren aldiz antolatu dituen jardunaldien helburua.

Hain zuzen ere, topaketotan, Alaia Martin (Oiartzun, 1987) bertsolariak hartuko du hitza gaur, ostiralarekin, 19:30etik aurrera, “Futbola (kulturaren) harmailetatik” elkarrizketan, Milena Busquets katalan idazlearekin eta Jota Los Planetas granadar taldeko buruarekin batera, Leire Palacios kazetariak gidatuta. San Mamesko VIP Arean izango da, sarrera doakoa dela (fundazioa@athletic-club.eus helbidera idatzi behar du bertara joan nahi duenak).

Martinekin hitz egin dugu, kulturaz, bertsolaritzaz, futbolaz eta lehiaz, besteak beste.

Zer du egiatik kulturzaleek futbolzaleak sinpletzat eta futbolzaleek kulturzaleak esnobtzat jotzen dituzten aurreiritziak? Zeri zor zaio, zure ustez, orokorkeria hori?

Animalia sozialak gara, taldean bizi gara, taldean identifikatzen, eta taldeen arteko aldeak indartzen du talde bateko geure partaidetza. Besteen azaleko ezaugarriekin eraikitzen ditugu etiketak, eta etiketak laburtzea eta sinpletzea dakar, ñabardurarik gabe. Hor sortzen dira distantziak.

Athleticen eta Realaren arteko partiden kariaz antolatu ohi diren Bertso Derbietan parte hartu izan duzu. Nola funtzionatzen du bertsolaritzak, kultura adierazpen batek, futbol giroan?

Futbol giroan, ongi ez. Jarduera bakoitzak dauzka bere baldintzak eta premiak, eta testuinguru horiek eraikitzea da gakoa.

Bertso Derbiak mimoz antolatu izan dira, bertsotan egiteko moduko egoera eta tokietan, eta, beraz, ongi atera dira.

Futbolak eta kirolak oro har berezkoa dute lehia, eta bertsolaritzan ere txapelketak izaten dira. Zelan bizi izaten duzu, sortzaile gisa, bertsolaritzaren eta lehiaren arteko harremana?

Urduritasunez eta ilusioz. Lehiarik handiena, bizitzan, kirolean eta bertsotan, norbere buruaren aurka edo alde dugun hori da, eta ahalegintzen naiz markagailua nire baitan pizten eta itzaltzen.

Futbolean, helburua da lehia. Bertsolaritza txapelketetan ere hala da, edo haratagoko zerbaiterako bide da norgehiagoka?

Norgehiagoka baino gehiago, zergehiagoka da. Txapelketetan izaten dira puntuazioak, hurrenkerak eta irabazleak, baina urtean zehar egiten diren saioen gehiengo handia ez dira sariketak edo lehiaketak izaten, saioak, ikuskizunak, emanaldiak baizik.

Saio horietan irabazteko modu bakarra elkarren artean saio eder bat egitea da, elkarrizketaz, elkarlanean eta inguruarekin sintonian.

Argentinan ere bizi izan zara… Aurreiritziekin jarraituta (edo aurreiritziak hausten jarraitzeko), hain da handia futbolerako sukarra herrialde horretan?

Izugarria. Partidaren bat dagoenean, taberna eta etxeak bete eta kaleak husten dira, teleberrietan eta prentsan egundoko tartea eskaintzen zaio, eta sukar horren epidemia jendarteko adin-tarte guztietara iristen da.

Bertsotan, zer nahiago: erasora jo ala defentsan aritu?

Ez bata eta ez bestea. Elkarrizketa gustatzen zait gehien, paseak egitea, jokoz kanpo daudenei ahotsa ematea, eta tarteka ostikoren bat ematen dugu mingainez, eta jasotzen dugu baloikadaren bat, baina txartel gorri gutxi izaten dira.

Etxean jokatzea oso garrantzitsua da futbolean; bertsotan ere bai? Non jokatzen duzu zuk etxean?

Eroso nagoen lekuan, esateko libre sentitzen naizenean gorputzaldiz, konplizitatea dudanean bertsokideekin eta neure buruarekin. Lekua norberaren baitan egoten da.

Nire herrian kantatzean, Oiartzunen, askoz biluziago sentitzen naiz.

Futbolariak egunero entrenatzen dira, partidetan sasoiko egoteko. Nola entrenatzen da bertsolaria?

Bertsolariaren baitan. Ni, garaiaren arabera, lagunartean, bakarrik, idatziz, ahoz, filmez, musikaz, parrandaz, lagunez, simulakroz edo deskonektatuz.

Ez dago errezeta magikorik magiarako.

Bertsolaritzan, urrats handiak egin dira azken hamarkadetan generoaren ikuspegitik, futbolean baino zinez agerikoagoak direnak egun. Zeri zor zaio, zure ustez?

Aurretiko lanketari eta egindako hausnarketa estrategikoari. Bertsoaren mass mediak kontrolatzea edo zaintzea ere errazagoa da futbolarenak kontrolatzea edo zaintzea baino.

Zer ikas dezake futbolak bertsolaritzatik? Eta bertsolaritzak futboletik?

Patxada, eta talde lana.